2018ko San Roke jaietarako kartel lehiaketa abiatu du Udalak

2018/07/09
Partehartzaileek uztailaren 16tik 20ra bitartean aurkeztu beharko dituzte euren lanak udaletxeko kultura sailean. Kartel irabazlea aurtengo jaiak iragartzeko erabiliko da, eta 500 euroko saria lortuko du.

Jai Batzordea aurtengo San Roke jaiak iragartzeko kartel bila dabil, eta horretarako, urtero legez, kartel lehiaketa jarri du martxan. Interesa duen orok parte hartu ahal izango du, eta gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu bakoitzak. Lanak egiteko edozein teknika edo material erabili ahal izango da, eta kartelek 450mm x 680mm-ko neurriak izan beharko dituzte.

Interesatuek 2018ko uztailaren 16tik 20ra (14:00ak arte) bitartean aurkeztu ahal izango dituzte kartelak udaletxean. Sari bakarra banatuko da, eta kartel irabazleak 500 euro lortzeaz gain, aurtengo San Roke jaiak iragarriko ditu.

Lehiaketako oinarriak

  1. Nahi duen edonork har dezake parte. Partehartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkez ditzake.

  2. Lan horiek edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.

  3. Kartelek nahitaez argitaragabeak izan beharko dute; hau da, norberak sortutakoak. Baldintza hori bete ezean, lanaren egileak izango du erantzukizun osoa gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.

  4. Lanak ondorengo neurrietan aurkeztu beharko dira: 450mm-ko zabalera x 680mm-ko altuera.

  5. Lehiaketara aurkeztuko diren kartelek nahitaez eraman beharko dute honako izenburua:

ABUZTUAK 14-19

2018ko SAN ROKE JAIAK. DEBA

  1. Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta egilearen honako datuak aparteko kartazal batean jarriko dira: jaiotze-data, NANa, herria, helbidea eta telefonoa.

  2. Lanak aurkezteko epea: 2018ko uztailaren 16etik 20ra (14:00ak arte).

  3. Lanak helbide honetara bidali beharko dira:

    Debako Udala- Kultura Saila

    Portu kalea 1, 20820 DEBA

  4. Epaimahaia Debako Udalak izendatuko du.

  5. Kartel irabazlea bakarrik sarituko da, eta 500 euro jasoko ditu.

  6. Saririk lortzen ez duten lanak hilabeteko epean jasoko dira, epaimahaiak bere erabakia hartzen duenetik kontatzen hasita. Epe hori igarotakoan lanak ez baldin badira jaso, egileak kartelak Debako Udalaren esku uzten dituela ulertuko da.

  7. Saria hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek ez balute behar adinako kalitate edo baliorik.

  8. Saria San Roke jaietako programaren aurkezpenean emango zaio irabazleari.

  9. Saritutako lana Debako Udalaren jabetzarako geldituko da, eta hark San Roke Jaien promoziorako egoki iritzitako erabilera eman ahal izango dio.

  10. Ez dira onartuko oinarri hauek betetzen ez dituzten edo baldintza hauetara egokitzen ez diren lanak.

  11. Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzen direla adierazten du.

  12. Epaimahaiak erabakiko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztiak, eta horien erabakiaren aurka jotzerik ez da egongo.

Euskal Jaia kartel lehiaketa

Aldi berean, irailean ospatuko dugun aro berriko XXI. Euskal Jairako kartel lehiaketa ere martxan da. Zuhatza Euskara Elkarteak antolatuta, Euskal Jaia irailaren 29an ospatuko da, eta lehiaketara aurkezten diren kartelek derrigorrez testu hau eraman beharko dute: Euskal Jaia 2018 Deba (euskara hutsean).

Partaideek lan bakarra aurkeztu dezakete, eta lanaren neurria A2 tamainan kalitatez argitaratzeko modukoa izan beharko da. Formatuak derrigorrez bertikala izan beharko du, teknika librea izango da, eta kartela euskarri fisikoan nahiz digitalean aurkez daiteke.

Kartel irabazlea herritarrek hautatuko dute, botoen bidez, erakusketa batean; eta irabazleak 300 euro jasoko ditu.

Informazio gehiagorako, deitu 943 191 383 telefono zenbakira.

San Roke 2017