“Gentzianaren inurrijalea” tximeletaren banaketa-eremua ezagutzeko irteera egingo da Euskal Kostaldeko Geoparkean

2017ko uztailaren 28a“Gentzianaren inurrijalea” tximeletaren banaketa-eremua ezagutzeko irteera egingo da Euskal Kostaldeko Geoparkean

Zerynthia elkarteak eta Euskal Kostadeko Geoparkeak, Itziarko Auzo Udalarekin elkarlanean, “gentzianaren inurrijalea” ezagutzera emateko ekimena antolatu dute, tximeleta honen babesa sustatzeko asmoz. Trebakuntza-saio praktiko bat egingo da abuztuaren 8an Deba-Zumaia Biotopoan, parte hartu nahi duen herritar orori irekia.

Inurrijaleak (Phengaris sp.) eguneko tximeletak dira, eta bizitza ziklo bitxia bezain konplexua dute, inurrien parasitoak baitira. Tximeletok oso sentikorrak dira inguruak jasaten dituen aldaketekiko eta isolaturiko populazio txikietan egoten dira. Euskal Kostaldeko Geoparkean, Iberiar penintsulako hiru espezieetatik bi atzeman dira, Phengaris alcon eta Phengaris arion, hain zuzen ere.

Zerynthia elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Itziarko Auzo Udalarekin elkarlanean, gentzianaren inurrijalearen banaketa-eremua hobeto ezagutzea helburu duen jarduera antolatu dute abuztuaren 8rako. Zerynthia elkarteko kideek prestakuntza-saio bat eskainiko dute tximeleta zein arrautzak jartzeko aukeratzen duen lorea (Gentiana pneumonanthe) bereizten ikasteko asmoz. Jarraian, Deba-Zumaia Biotopoko hainbat gunetara hurbilduko dira tximeletaren banaketari buruzko datuak jasotzera. Bildutako informazioa intsektu bitxi hau babesteko plan bat lantzeko erabiliko da.

Ekimenean tximeleta-zaleek eta, oro har, interesa duten herritar guztiek parte hartu ahal izango dute. Hitzordua Itziarko Burugorri Elkartean izango da, goizeko 9:30ean, eta 13:30era arte luzatuko da. Parte-hartzaileei asegurua egingo zaie eta amaieran mokadutxoa eskainiko zaie. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da ingurumena@geoparkea.com epostara idatziz. Parte-hartzaileei gomendatzen zaie sakelako telefonoa, praka luzeak, mendian ibiltzeko oinetako egokiak, eguzkitik babesteko txapela eta krema eta ura eramatea.