350 zuhaitz landatuko dira igandean Elorriagan

2018ko martxoaren 21a350 zuhaitz landatuko dira igandean Elorriagan

Antolatzaileek herritarrei dei egin diete egitasmoan parte hartzeko. Hitzordua goizeko 09:30ean jarri da, Elorriaga auzoko Galarreta inguruan. Lanak bukatutakoan mokadua egiteko aukera egongo da.

Datorren igandean, martxoaren 25ean, zuhaitz landaketa egingo da Elorriaga inguruan. Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak, Zerynthia elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu dute egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Ekimen honek helburu hirukoitza du: biotopoaren eremuan bertako basoa eta paisaia berreskuratzea, W-zuria buztan-motza deituriko tximeletaren biziraupena bermatzea eta heskaiak – lursailen arteko zuhaixkez osatutako mugak - sustatzea.

Guztira, 350 bat zuhaitz eta zuhaixka landatuko dira; horien artean, arteak, gurbitzak, lizarrak, erramuak eta urkiak. Horiez gain, tximeletak ikertzeaz eta ezagutzera emateaz arduratzen den Zerynthia elkarteak 25 zumar landatuko ditu. Izan ere, iberiar penintsulako zumarrak desagertzen ari dira azken hamarkadetan grafiosia izeneko gaitzak jota, eta horrek W-zuria izeneko tximeletari eragiten dio, zumarren babesean bizi eta elikatzen baita.

Hitzordua 09:30ean jarri dute, Elorriaga auzoko Galarreta inguruan. Landaketa 12:30ak arte luzatuko da. Behin lanak amaituta, mokadu bat eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.

Antolatzaileek herritarrei dei egin diete egitasmoan parte har dezaten. Aldez aurretik izena ematea komeni da, ingurumena@geoparkea.com epostara idatziz.