Zabor bilketarako bosgarren edukiontzi sistema 2016ko uztailaren 1ean hasiko da

2015ko abenduaren 26aZabor bilketarako bosgarren edukiontzi sistema 2016ko uztailaren 1ean hasiko da

Edukiontzi-sistema ezarri ahal izateko hornitze lanak eta zenbait ekintza ere burutu behar dira. Debabarreneko mankomunitateak aurkeztutako kronogramaren arabera bosgarren edukontzi sistema 2016ko uztailaren 1ean hasiko da eta Deban eta Mutrikun sistema hau ezartzeak 428.442€ko balioa izango du.

Errefuxa eta bio-hondarrak biltzeko 1.000 eta 2.200 litroko edukontziak erosi behar dira, edukiontzi marroi eta grisak hurrenez hurren. Ontziak eta kartoia, orain arte bezala, kolore hori eta urdineko igluetan lagako dira.

Edukiontzi marroi eta grisen erabilera-kontrola edukontzietan sarraila magnetikoak jarriz egingo da. Sarrailak erosi eta, gero, edukiontzietan muntatu behar dira.

Halaber, funtsezkoa da material informatikoa eskuratzea, automatikoki eta telematikoki funtzionatzen duten elementuak martxan jartzea eta makinaria hori kudeatuko duten langileak (makina saltzaileak eta txartel inprimagailuak) eta edukontzien erabilera kontrolean arituko direnak trebatzea.

Ibilgailuaren txasisa eskuratzea izango da bilketa sistema abiaraztea gehien luzatuko duena eta, hori horrela izanik, edukontzi sistemaren bidezko bilketa 2016ko uztailaren 1ean hastea aurreikusten da.

Bilketa sistema hau Deban eta Mutrikun ezartzeak, 2015 eta 2016 urteetarako 428.442€-ko kostua izango duela kalkulatu du Debabarreneko Mankomunitateak.

Maiatza eta ekainean zehar kanpaina informatzaileak egingo dira sistemaren abiaraztea jakinarazteko eta, % 60ko gutxieneko birziklatze tasa lortzeko, bilketa nola egin behar dugun azaltzeko.