Abian da Debako memoria historikoaren berreskurapen eta ikerketa proiektua

2017ko ekainaren 2aAbian da Debako memoria historikoaren berreskurapen eta ikerketa proiektua

Debako Udalak herriko memoria historikoaren berreskurapen eta ikerketa proiektua jarri du martxan. Aranzadi Zientzia elkartearen proposamena aho batez onartu zen azken ohiko bilkuran. Egitasmoak 42.350 euroko kostua izango du eta 2017-2019 urteen artean gauzatuko da.

Euskal Herriko toki askotan abiatu dituzte dagoeneko memoria politikak eta oroimen ikerketak, iraganean gertatutakoa ezagutzeko helburuarekin. Deban ere halaxe egingo da. Izan ere, Aranzadi Zientzia Elkarteak proposatutako memoria historikoaren berreskurapen eta ikerketa proiektua aho batez onartu zuen Debako Udalbatzak pasa den asteko ohiko bilkuran.

Egitasmo honen helburua 1936-1945 urteetan zehar izandako errepresio eta giza eskubideen urraketak aztertzea izango da, iraganeko akatsez ikasi eta ahal den neurrian horiek konpontzeko, etorkizunean errepika ez daitezen.

Zientzia Elkarteak abiatuko duen plan honen bitartez herriko memoria historikoaren berreskuratze-prozesuan lehen pausuak eman nahi dira eta hau aurrera eraman ahal izateko herriko bizilagunen parte-hartzea funtsezkoa izango da. Izan ere, Udalak apenas du Gerra Zibil eta frankismo aldiko dokumenturik, diktaduraren ondoren udal-artxiboa erre baitzuten.

Herritarron parte hartzea aktiboa izan dadin, hainbat hitzaldi eta erakusketa antolatzeaz gain, herritarrek euren etxeetan dituzten argazki, gutun eta bestelako dokumentuak jasotzeko memoria bulego bat ere aurreikusten da.

Elkarlan honi esker, herritarrek gertatu zena ezagutzeko interes hori mantentzea lortuko da, memoria historikoaren berreskurapena egiaren, justiziaren eta biktimek duten kalteordaina jasotzeko eskubidearen aldeko talde lan bat izanik.

Ikerketa honek 42.350 euroko kostua izango du eta 2017-2019 artean guzatzea aurreikusten da. Plan honek hiru fase bereizi izango ditu; lehendabizikoan, hainbat iturritatik (idatzita dauden liburu eta artikuluetatik, artxiboetatik, bai gerra eta frankismoaren lehen urteak bizi izan zituzten biktimen bai eta gerraren ondorioz errepresaliatu edo hildakoen zuzeneko familiarren ahozko testigantzetatik, argazkietatik ...) datuak bilduko dira, horrela behin behineko datu-basea osatuz.

Horren ondoren, bigarren fase batean, jasotako dokumentu guztiak aztertu, argazkiak digitalizatu eta behin betiko datu-basea osatuko da, informazio honen guztiaren ikerketari ekin ahal izateko. Azkenik, 2019an egindako ikerketa lana argitaratu eta zabalkundea emango zaio; bide batez, prozesuan parte hartu duten familiei jasotako ahozko testigantzen DVD bat entregatuz eta biktimei zuzendutako erreparazio ekitaldi edo omenaldiak prestatuz.

Proiektu hau oroimen-berreskurapenaren lehen fasea besterik ez da, 1945-1975 urteetako bigarren zatia aztertzeke geratuko bailitzateke.

Memoria hurbila (1960-2017)

Era berean, maiatzeko ohiko bilkuran onartu zen aho batez Debako Udalaren 1960-2017 denboraldiko memoria politikak zehazteko proiektua ere.

Proiektu hau 2017an zehar egingo da eta 7.000 euro inguruko kostua izango du (Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta).

Beste ikerketa honen helburua bakea eta elkarbizitzaren kontuetan dagoen egoeraren diagnosia egin, partidu politikoen ikuspegiak aztertu eta gai honen inguruan aurrerapausuak emateko momentu egokia den ala ez ondorioztatzea da.

Halaber, BAKEOLAK egingo duen ikerketa honetan memoria politika zehaztuko duen ekintza plana egiteko unerik egokiena den ala ez erabaki beharko da, eta izango ez balitz, bake eta elkarbizitza kontuetan ekintzak geldiaraztera eramaten gaituzten arrazoiak landu beharko dira.