Aisialdi Berria

2014ko maiatzaren 21aAisialdi Berria

“Zubi eta Mogel guraso elkarteek, Udalarekin batera, aisialdirako aukerak zabaltzeko ahalegina egitea erabaki dute, euskaraz gozatzeko esparru berriak sortuz eta garapen komunikatibo zein emozionalean lagun dezaketen jarduerak eskainiz: Kuadrillategi, antzerkia, bideogintza, bertsolaritza, jendaurrean hitz egiteko prestakuntza, idazkuntza, irakurle taldea… Izena emateko azken eguna, maiatzak 30 (entregatu ikastetxeko idazkaritzan, udaletxeko harrera bulegoan edo udal liburutegian).”

Deban baditugu aisialdia betetzeko urteetan finkatu izan diren jarduerak: kirola, pintura, musika, dantza,… Orain arte eskaini izan diren jarduera hauek herrian zegoen hutsuneak edo beharrak asetzera etorri dira. Egia da, ordea, eskaini diren heinean sortu izan dela eskaera ere.

Hori kontuan izanda, eta jakinik jarduera horietan guztietan herriko jende mordoa ibiltzen den arren badirela beste batzuk jarduera horietatik kanpo geratzen direnak, aisialdirako jarduera berriak proposatzera gatoz. Aisialdi gozagarri bat; euskara oinarri hartuta, emaitzari baino, prozesuan sortuko diren emozioei eta bizipenei begiratuko diena.

Baina neska-mutilei ez ezik, gazte eta helduei ere parte hartzeko aukera emango dien aisialdia eskaini nahi dugu; geure buruei ere esperientzia berriekin gozatzeko aukera eman nahi diogulako. Eskaintza bikoitza da, beraz: gazteei begirakoa batetik eta guraso edo helduei begirakoa bestetik.

Zer da proposatzen duguna. Kultur jarduera desberdinak. Kulturak balore gizatiarrak sortzeko ahalmena du, orain eta hemen gertatutakoaz gozatu eta sentitzeko bide ematen du, autoezagutza bultzatzen eta giza komunikazioa errazten; beldurraren mugak apurtzen laguntzen du eta norberaren ideia eta ekintzen erantzule izaten; jakin-nahia, esperientzia-nahia,… pizten ditu.

Taldeak adinaren arabera antolatuko dira eta, aurrera egiteko, ezinbestekoa izango da, gutxienez, 10 lagun ordu berean biltzea.

JARDUERAK

  • KUADRILLATEGI: bideo-lanak, dantza koreografiak, karaokeak, eskulanak, jolasak, Euskararen eguna … Urritik maiatz amaierara. Astean 2 orduko saio 1. Prezioa: 40€/hiruhileko. DBHko ikasleentzat soilik.
  • ANTZERKIA: gorputz espresioa, mimika, ahotsa, inprobisazio jolasak, antzerki jolasak… Urritik maiatz amaierara. Astean 2 orduko saio 1. Prezioa: 40€/hiruhileko. LH 5. eta 6. mailak / DBHko ikasleak / Gazteak / Helduak
  • BIDEOGINTZA: gidoia prestatu, grabatu, editatu, soinua erantsi… Urritik maiatz amaierara. Astean 2 orduko saio 1. Prezioa: 40€/hiruhileko. LH 5. eta 6. mailak / DBHko ikasleak / Gazteak / Helduak
  • BERTSOLARITZA: nola eraikitzen da bertsoa, bertso doinuak, errimak, oinak… Urritik maiatz amaierara. Astean 2 orduko saio 1. Prezioa: 40€/hiruhileko. LH 5. eta 6. mailak / DBHko ikasleak / Gazteak / Helduak
  • SUKALDARITZA: Lehenengo platerak, bigarrenak eta postreak. Garaian garaikoak. Ikasle pisuan sukaldatzeko, Gabon garaian ingurukoak txunditzeko edo, besterik gabe, eguneroko jakiak prestatzen ikasteko. Urritik maiatz amaierara. Hamabostean behin, 2 orduko saio 1. Prezioa: 40€/hiruhileko. LH 5. eta 6. mailak / DBHko ikasleak / Gazteak / Helduak
  • JENDAURREAN HITZ EGITEKO PRESTAKUNTZA: modu konstruktiboan komunikatzeko teknikak eta, alderdi emozionala eta arrazionala parekatuz, autoestimua eta konfiantza areagotzeko. Urritik abendura, 8 saio. Astean 3 orduko saio 1. Prezioa: 40€/hileko. DBHko ikasleak / Gazteak / Helduak
  • IDAZKETA SORTZAILEA: idatziz sortzeko 5 giltzak, pertsonaiak, espazioa, denbora, gaiak/abiapuntuak, egiturak, oroimena eta emozioa zentzuen bidetik. Urritik abendura, 8 saio. Astean 2 orduko saio 1. Prezioa: 23€/hileko. LH 5. eta 6. mailak / DBHko ikasleak / Gazteak / Helduak
  • IRAKURLE TALDEA: euskaraz irakurritakoa taldean landu eta partekatzeko; sentipen, bizipen, esperientzia eta iritzi truke aberatsa izango da irakurle taldea. Urritik maiatzera, hilean 2 orduko saio 1. Prezioa: 23€/hiruhileko. LH 5. eta 6. mailak / DBHko ikasleak / Gazteak / Helduak