Animadeba Animazio Zinemaldiaren X. edizioa, abenduaren 26tik 29ra Deban

2017/12/19
Abenduaren 26tik 29ra X. Animadeba Animazio Zinemaldia ospatuko da Deban. Aurtengo ekitaldien artean, gortina tailerra eta hamargarren urteurrena ospatzeko festa dira nabarmentzekoak.

Debako Udalak hamargarren urtez antolatu du Animadeba animazio zinemaldia. Ekimen honen helburua da heldu nahiz haurren artean animazioa sustatzea eta mundu horri lotuta dauden beste zenbait diziplina balioan jartzea. Animadeba zinemaldiari berari abenduaren 26an emango zaio hasiera, eta 4 egunez luzatuko da, hilaren 29ra bitarte.

Hala eta guztiz ere, datorren astelehenetik aurrera (hilak 18) izango dugu ikusgai Muittu, Euskal Herriko marrazki bizidunak erakusketa. Agirre jauregiko ispiluen gela 80ko hamarkadan hasi eta 2004ra arteko euskal ekoizpeneko lanik garrantzitsuenen marrazki originalez beteko da eta erakusketa horrekin, marrazki bizidunen artea eta aberastasuna jendarteratzea bilatzen da.

Aurtengo ekitaldirik nabarmenenak, aldiz, zinemaldiko azken egunerako aurreikusten dira: gortina tailerra, goizez; eta X. urteurrena ospatzeko festa, gauez. Lehendabizikoa Kultur elkarteko liburutegian izango da, eta bertan egongo da Kote Camacho zine zuzendaria Animadeba 2017ko gortina sortzearen prozesua teknikoki eta pausoz pauso azaltzeko. Bigarrena, berriz, Zokoan egingo da, gortina lehiaketako sari banaketarekin batera.

Gortina tailerrean parte hartu nahi duenak izena eman beharko du aurrez, eta urteurreneko festara agertu nahi duenak gonbidapena eskuratu beharko du. Hortaz, bai izena emateko, baita gonbidapena eskuratzeko ere, turismo bulegora gerturatu beharko dute interesatuek.

Egitaraua osorik ikusteko, klikatu hemen.

Oharra: film laburren eta luzemetraien proiekzioak (abenduaren 28koak izan ezik) Kultur Elkarteko areto nagusian izango dira aurten, ispiluen gelan izan beharrean.