Aste Santuan bideojoko sorkuntza tailerra izango dugu Deban, Gazte Robotikaren eskutik

2018ko martxoaren 14aAste Santuan bideojoko sorkuntza tailerra izango dugu Deban, Gazte Robotikaren eskutik

8 eta 15 urte bitarteko gaztetxoek euren bideojokoak garatzeko aukera izango dute; ezagutza matematiko, espazial eta logikoa sakontzearekin batera.

Aste Santuan bideojokoak sortzen ikasteko aukera izango dute 8 eta 15 urte bitarteko gaztetxoek; izan ere, Gazte robotikak bideojoko sorkuntza tailerra eskainiko du Deban, apirilaren 3tik 6ra. Hezkuntza-egitasmo honen helburua haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea da, eta tailer hauen bitartez gaztetxoak robotikaren munduan sartu eta teknologiarekin ikasi, jolastu eta ondo pasatzera gonbidatzen ditu.

Bideojoko baten garapen prozesuak sormena, pentsamendu logikoa eta algoritmikoa indartzen ditu; eta tailerrean erabiliko duten SCRATCH lanabesa da zalantzarik gabe buruan dugun hori programatu edota marraztu ahal izateko eraginkorrena, darabilen logika, komando eta aukerak direla eta.

Programazio prozesuak ikasleari egin ahala ikastea eskaintzen dio. Gainera arazoei irtenbidea topatzeko garrantzizkoak diren hainbat aspektu kontuan hartzera behartzen ditu: arazoaren natura zein den erabakitzea, irtenbidea topatzeko balioko duen errepresentazioa hautatzea eta bere pentsamendu eta estrategiak monitorizatzea.

Ikastaro honetan zehar nork bere bideojokoak garatuko ditu, ezagutza matematiko, espazial eta logikoan sakonduz. Eskuragai dauden komandoak erabiliz lortu nahi dugun efektu edo emaitza garatu dezakegu.

Saioak apirilaren 3tik 6ra bitartean egingo dira Debako euskaltegian, goizez, 09:30etik 13:30era. Izen-emateak www.gazterobotika.eus webgunean egin beharko dira, martxoaren 22a baino lehen, eta edozein zalantza izanez gero, edo informazio gehiago behar izanez gero, deitu 660 382 674 telefono zenbakira.

*Oharra: tailerra aurrera eramateko beharrezkoa izango da, gutxienez, 8 laguneko taldea osatzea. Bestalde, gehienez 15 gazteko taldeak izango dira, eta gehiago apuntatzen badira, izen-ematearen ordenaren arabera onartuko dira.