Begirada desberdinak argazki erakusketa Agirre jauregian egongo da astebetez

2016/09/27
Jose Luis Aperribai, Juan Ignacio Aizpurua eta Einer Rodriguez Ponce argazkilarien lanak biltzen ditu Begirada desberdinak argazki erakusketak. Hauek Agirre Jauregiko erakusketa gelan egongo dira ikusgai irailaren 23tik urriaren 2ra bitartean.

Begirada desberdinak du izena Agirre jauregian astebetez egongo den argazki erakusketak. Jose Luis Aperribai, Juan Ignacio Aizpurua eta Einer Rodriguez Ponce argazkilarien lanak biltzen ditu eta izena sortzaileek beraien egitasmoen inguruan duten ikuspuntu ezberdinekin lotuta dago: begirada desberdinak. Izan ere, artista orok eskaintzen dio hori bere ikusleei; norberak ikuspuntu ezberdin bat dauka, bere iritzi, begirada propioa eskaintzen baitio ikusten duen horri. Kasu honetan, artista bakoitzak bere begirada edo ikuspuntua du erakutsiko dizkigun argazkien inguruan eta hortik datorkio izena erakusketari.

Hiru argazkilariren- Jose Luis Aperribai, Juan Ignacio Aizpurua eta Einer Rodriguezen- 28 lanek osatuko dute erakusketa eta hiru egitasmo ezberdin eskainiko dizkigute.

Batetik, Jose Luis Aperribaik eskua eta komunikazioa lantzen ditu bere zortzi argazki zuribeltzetan. Bestetik, Juan Ignacio Aizpuruaren Debako ibaia daukagu; formatu desberdineko 11 argazki aurkeztuko dizkigu, kolorea erabiliz. Bere lanen bitartez, eremu natural honek duen garrantzi kultural eta ekologikoa erakutsi nahi dizkigu. Azkenik, Einer Rodriguez Poncek formatu handiko lau argazki harrigarri eta panel batean kokatutako bost argazki panoramiko erakutsiko dizkigu. Lan hauen gai nagusia Deba da, paisaiak eta kaleak eta zuribeltza zein koloreak erabiltzen ditu.

Agirre jauregiko erakusketa gelan egongo dira lanak ikusgai irailaren 23tik urriaren 2ra bitartean. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik larunbatera bitarte arratsaldez ikusi ahal izango ditugu argazkiak: 18:00-20:00. Igandetan, berriz, 12:30etik 14:30era bitartean.