BEHIN BEHINEKOZ ONARTU DIRA UDALAREN 2018KO AURREKONTU OROKORRAK

2018/03/05
Aurrekontua guztira 7.493.907€-koa da, 2017an baino %4,02 gehiago.

Debarren Ahotsa eta EAJ-PNV alderdien aldeko 8 botoekin eta EH Bilduren kontrako 4rekin, behin behinekoz onartu  zituzten otsailaren 27an Debako Udaleko, Itziarko entitate txikiko eta udal patronatuetako 2018rako aurrekontu orokorrak. Zehazki, Udalaren aurrekontua 7.493.907€-koa izango da, 2017an baino %4,02 gehiago. Itziarko entitate txikiak, berriz, 854.939€ izango ditu, iaz baino %5,51 gehiago; eta Deba Musikal eta Arte Eskolak 533.077€ eta 196.460€, hurrenez hurren.

Nabarmentzekoa da Udalaren diruzaintza soberakina 2,3 milioi eurokoa dela. Legealdi honetarako Udalak duen inbertsio estrategikoen plana aktibatzeko egoera ekonomikoa ezin hobea da hori. Aurreikusitako inbertsioen artean, azpimarratzekoak dira hilerria lekuz aldatzea, eguneko zentroa eta bere sarbidea egokitu eta hobetzea, Angulero kalea urbanizatzea, Plaza Zaharreko argiteria hobetzea, pilotalekuko terraza babestea, Kultur Etxea, hondartzako pasealekuaren proiektua, itsasadarreko proiektua, Osioko sarbidea, Santa Katalinako begiratokia, eta abar.

Herritarrok aztergai izango duzue aurrekontu-espediente hori udaletxeko idazkaritzan, eta egoki iritziz gero, errekurtsoak edo erreklamazioak aurkezteko 15 laneguneko epea izango duzue iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Adierazitako epean inolako erreklamazio edo errekurtsorik izan ez bada, aurrekontua behin betiko onartutzat joko da, beste erabakirik hartu beharrik gabe.