Bisita gidatu eskaintza betea udazkenerako, Euskal Kostaldeko Geoparkean

2017/09/29
Bisita gidatuen egutegi osoa datozen hiru hilabeteetarako geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke eta bertan egin daitezke erreserbak online. Proposamenen artean, nabarmentzekoa da urriko igande guztietan, goizeko 11:30ean, eskainiko den “Flyscha, begirada batean” irteera gidatua, euskaraz.

Udazkena bete-betea dator Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean, uda sasoiak utzitako emaitza positiboen ostean, Geoparkea bisitatu duten lagunen kopuruak %16 egin baitu gora. Uztailean eta abuztuan, guztira 10.007 lagunek parte hartu zuten Geoparkeak eskainitako bisita gidatuetan; iaz, 8.629 lagun izan ziren. Bestalde, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoei dagokienean, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, 40.442 bisitari hartu zituzten.

Urrian, Euskal Kostaldeko Geoparkeak egunero eskainiko ditu bisita gidatuak –astelehenetan izan ezik- bere balio natural eta kultural itzela ezagutzera emateko helburuarekin. Azaroan eta abenduan, irteera gidatuak asteburu guztietan eta jaiegunetan eskainiko dira.

Geoparkeak bisita gidatu aukera zabala eta anitza proposatzen du; Geoparkeko flyscharen itsaslabar ikusgarriak uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, familiartean egiteko proposamen dibertigarriak, bisita kulturalak, eta bestelako planen bila dabiltzanentzat kutsu zientifikoagoa duten esperientzia bereziak.

Programatuta dauden proposamenen artean, nabarmentzekoa da urriko igande guztietan, goizeko 11:30ean, eskainiko den “Flyscha, begirada batean” irteera gidatua, euskaraz, uretatik Geoparkeko labar ikusgarriak miretsi eta geruzaz-geruza ezkutuan gordetzen duten historia ezagutzeko itsas-ibilaldia.

Bisita gidatuen egutegi osoa geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke eta bertan egin daitezke erreserbak online.