Datozen asteotan aterako da lizitaziora Burugorri ostatua

2024ko martxoaren 21aDatozen asteotan aterako da lizitaziora Burugorri ostatua

● Lehiaketa publikoaren bitartez ostatua kudeatuko duen pertsona edo enpresa berria bilatzea da helburua, orain arte eskaini den zerbitzuari jarraipena emateko. ● Une honetan ostatuak itxita jarraitzen du Itziarko Auzo Udala bertako irisgarritasuna bermatzeko egiten ari den berrikuntza lanak direla-eta.

Burugorri Ostatua aski ezaguna da Itziarren, elkargunerako eta aisialdirako espazioa baita bertako herritarrentzat. 9 urte egin ditu zabalik, hain zuzen, ostatuari izena ematen dioen Burugorri eraikinaren azpian kokatuta.

Denbora horretan bi kudeatzaile izan ditu, baita berrikuntza ugari ere, betiere, erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko helburuz. Azken kudeatzaileak, baina, kontratua berritu aurretik utzi zuen eta orain artean, behin-behineko kudeatzea izan du ostatuak. 

Hori horrela, datozen asteotan, espazio hori kudeatzeko lehiaketa publikoa jarriko du abian Itziarko Auzo Udalak. Herriko Ostatua izatean, proiektuan eskaintza gastronomikoaz gain gainontzeko eskaintza kulturala eta herriari egin diezazkiokeen ekarpenak ere baloratuko dira. 

Bien bitartean, ostatuak itxita jarraituko du Auzo Udala bertako irisgarritasuna hobetu eta bermatzeko egiten ari den berrikuntza lanak direla-eta. Orain helburua da, ostatua kudeatuko duen pertsona edo enpresa berria bilatzea eta ostatua ahalik eta azkarren berriro zabaltzea, orain arte eskaini den zerbitzuari jarraipena emateko.

Informazio gehiagorako 688 69 40 48 telefonora dei dezake interesa duen edonork.