DEBA-MUTRIKUKO ZUBIAREN ZATI BAT BEHERATU EGIN DA, ZUTABE BAT HONDORATU ETA GERO

2018/07/05
Udala gertaeraren zergatia aztertzen ari da, arazoa lehenbailehen bideratzeko. Momentuz pasabidea ixteko erabakia hartu da, eta hango instalakuntzen egoera begiratzen ari dira.

Deba eta Mutriku lotzen dituen zubiko zutabeetako bat beheratu egin da, oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik. Debako alkatea, Pedro Bengoetxea, bertara joan da goizeko 05:00etan SOS Deiak-etik abisua jaso eta gero.

Udal zerbitzuak gertaeraren zergatia aztertzen ari dira, beharrezko neurriak hartu ahal izateko.

Bi udalak konponbide onenak bilatzeko lanean ari dira, arazoa lehenbailehen bideratuta gera dadin.

Orain arte hartutako neurriak honako hauek izan dira:

  • Pasabidea ixtea

  • Hango instalakuntzen egoera begiratzea (ura, saneamendua, gasa eta argiteria publikoa).

Gainera, kalte handiagoak saiheste aldera, Pasaiako Itsas Kapitaintzak aipatu zubiaren begietatik ontzi eta bainularien igarotzea debekatu du, baita bertara ur-lamintatik hurbiltzea ere, 20 metrotik beherako distantziara.

Deba eta Mutrikuko udalak harremanetan jarri dira Portu Zuzendaritzarekin, Itsasertz Zerbitzu Probintzialarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako Departamentuarekin.

Egoera hau dela eta, Lurraldebusen linea guztiak Deba Erdigunean eta Urasamendin geldituko dira, zerbitzu guztietan eta bi noranzkoetan.