Debako Santa Maria Eliza, "Cuando dejes de quererme" filmeko eszenatoki bihurtuko da

2017/03/16
Igor Legarretaren "Cuando dejes de quererme" filmeko hainbat eszena Debako Santa Maria Elizan grabatuko dira datorren astelehenean, martxoaren 20an. Plaza Zaharrerako sarrera kontrolatuta egongo da egun osoan zehar.

Santa Maria Eliza ikusgarria, Debako alde zaharraren erdi-erdian kokatua, plato batean bilakatuko da datorren astelehenean. Izan ere, Igor Legarreta zuzendariak Cuando dejes de quererme bere opera primaren agerraldi batzuk filmatzeko eszenatoki gisa aukeratu du. Flor Torrente, Miki Esparbé eta Eduardo Blanco dira protagonistak eta Joaquin Climent eta Antonio Dechenten kolaborazio berezia izango dute. Espainia (Centuria Films) eta Argentinaren (CEPA Audiovisual) koprodukzioa da eta TVE eta ICAAren babesa dauka.

Filmaren grabazio-lanak martxoaren 6an hasi zituzten eta sei astetan zehar Buenos Airesen (Argentina) eta Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan filmatzeaz gain (Bilbo, Oñati, Donostia, Irun, Durango, Oiartzun, Deba, Zumaia eta Amarita), Aldatz eta Urkiolako basoetan ere izango dira.

Kamerak, argiak, klaketak eta Legarretaren filmerako produkzio-ekipo osoa gure herrian izango da datorren astelehenean, martxoaren 20an, Santa Maria Elizan hainbat eszena grabatzeko.

Kamera, argiztapen eta soinu ekipoak direla eta, motordun ibilgailuek itxita izango dute Plaza Zaharrerako sarrera eta oinezkoen zirkulazioa kontrolatuko da 7:00etatik 19:00etara. Gainera, Foruen plazako zati handi bat erreserbatuta egongo da pelikularen ekoizpenerako materiala dakarten ibilgailuek aparka dezaten.

Sinopsia

Laura (Flor Torrente) Buenos Airesen bizi da Fredo bere aitaordearekin (Eduardo Blanco). Ume zela, bere amarekin Euskal Herritik alde egin behar izan zuen, bere aitak ustez bakarrik utzi zituenean.

Egun batean, dei bat jasotzen du Espainiatik: baso batean lurperatuta bere aitaren gorpua aurkitu dutela kontatzen diote. Auzitegiko frogak argiak dira: Felix Careaga duela 30 urte baino gehiago hil zuten tiroz. Laurak Euskal Herrira bidaiatuko du bere amaren desio asegabea betetzeko helburuarekin: aitaren errautsak bere sorterrian botatzea. Fredok lagunduko dio.

Bidaian Javier Egoskue (Miki Esparbe) aseguru-agentea ezagutuko du eta bere aitak sinatutako bizi-aseguru baten berri emango dio. Egoskuek, hilketaren istorioa ezagutzeko jakin-minez eta Laurak erakarrita, Fredo eta neskarekin batera ikerketari ekingo dio Felix Careagaren hiltzailea nor izan zen argitzeko.