Debako udal musika eta dantza eskolak zabaldu du 2018-2019 ikasturterako matrikulazio epea

2018ko maiatzaren 4aDebako udal musika eta dantza eskolak zabaldu du 2018-2019 ikasturterako matrikulazio epea

Zabalik da 2018-2019 ikasturterako udal musika eta dantza eskolan matrikulak egiteko epea. Interesatuek ekainaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute matrikula orria Deba Musikaleko idazkaritzan.

Zabaldu dute jada Debako udal musika eta dantza eskolan datorren ikasturterako matrikulazio epea, eta hori 2018ko ekainaren 15era arte mantenduko da. Interesatu orok inprimikia bete eta Deba Musikaleko idazkaritzan entregatu beharko du.

Ekainaren 15etik aurrerako matrikula-orriak onartuko dira, baina epean matrikulatuekiko lehentasuna galduko dute. Bestalde, instrumentuetan matrikulatu ahal izateko honako irizpideak hartuko dira kontuan, lehentasunari dagokionez:

  1. Instrumentuz aldatzeko zain, itxaron zerrendan dauden ikasleak

  2. Lehen nibeleko lehenengo mailan hasten diren barne ikasleak

  3. Barne-ikasleak

  4. Eskola kanpoko ikasleak

  5. Bigarren instrumentua

  6. Herritik kanpoko ikasleak

Edozein zalantza argitu edota informazio gehiago eskuratzeko, deitu 943 192 016 telefonora edota idatzi  musikaeskola@deba.eus helbide elektronikora.

Ikasketa-egitura

Eusko Jaurlaritzak onartuta, eskolak honakoak eskaintzen ditu:

  • 1.maila: 4, 5 eta 6 urte bitartekoentzat, Musika Mugimendua. Bertan, musika, dantza, kantua eta psikomotrizitatea lantzen dira. Klaseak guztiz praktikoak dira, eta umeen adierazkortasun eta sentikortasunaren baitan musikaltasuna lantzea eta indartzea da helburua.

  • 2.maila: 7-13 urte bitartekoei zuzendua. Lehenengo ikasturtetik ikasleek instrumentua aukeratu dezakete, baita euskal dantza ere. Bigarren ikasturtetik aurrera, aipatutako horiez gain, koralean ere parte har dezakete. Musika mintzairako ezagupenak lantzen dira: entzumen aktiboa, kode musikalak, idazketa eta irakurketa musikala, forma musikalak eta abar. Helburua instrumenturako, dantzarako eta kanturako prestaketa teoriko-praktikoa da.

  • 3.maila: ezagupen teoriko praktikoak finkatzeko eta areagotzeko helburua du. Maila honetan 13 eta 17 urte bitartekoek instrumentuan apuntatzeko aukera dute, eta baita lengoaia musikalean ere beraien mailara egokitutako taldeak sortuz.

  • 4.maila: 17 urtetik gorakoentzat. Instrumentuak bakarka nahiz taldeka lantzen dira ikasleen arteko ezagupenak eta trebeziak lantzeko. Bakoitzaren mailara egokitutako lengoaia musikala ere ikas daiteke.

Musika-tresnei dagokienez, aukera zabala eskaintzen du Debako musika eskolak; haize-metalezkoak (tuba, bonbardinoa, tronboia, tronpeta, tronpa), haize-zurezkoak (saxofoia, klarinetea, flauta, oboea), perkusioa, harizkoak (bibolina, gitarra, baxu elektrikoa), polifonikoak (pianoa eta eskusoinua), folklorea (gaita, gaita-danborra, trikitixa, panderoa eta txistua), kantua eta euskal dantza.