Debako Udalak 2017ko udal gida berria argitaratu du

2017/02/03
Gaur iritsi da gurera 2017ko udal gida berria. Debako Udalak Zure Leku S.L. enpresarekin argitaratu ohi duen baliabideen liburuxka hau herriko hainbat enpresa eta establezimenduen laguntzari esker egiten da eta turismo bulegoan eskura daiteke.

Debako Udalak, Zure Leku S.L. enpresarekin batera, 2017ko udal gida berria argitaratu du. Eskuliburu honek, Deba bere osotasunean ezagutzeko aukera eskaintzen digu, bai debarroi bai eta gurera hurbiltzen diren bisitariei ere. Izan ere, herriko baliabide guztiak jasotzen ditu; zerbitzuen agenda osoa ez ezik, jatetxe, ostatu, merkatari, profesional, industria eta baliabide turistiko guztien inguruko informazioa ere aurki dezakegu bertan.

Azken hilabeteak gida honetako informazioa aldatzen, zuzentzen eta eguneratzen aritu ondoren, azkenean gaur ikusi du argia 2017ko udal gida honek. Debako Udaletik eskerrak eman behar dizkiegu eskuliburu honen argitalpena ahalbidetu duten herriko enpresa eta establezimendu guztiei, hauen laguntzarik gabe ez baikenuen gaur gure eskuetan izango.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen bihotzean, bere balio geologiko, natural eta kulturalei esker ezinbesteko bisita leku bihurtu da Deba. Gainera, aisialdi jarduera ugari egiteko aukera eskaintzen du gure herriak: itsasoz nahiz oinez egiteko bisita gidatuen programa zabala, herrigunea eta Santa Maria eliza, turismo bulegoko Geoparkeko txokoa eta Lasturko karstaren interpretazio gunea, surfa eta beste hainbat ur-jarduera, paintballa, kapeak, ibilketa nordikoa edota mendi-ibilbideak, besteak beste. Hemengo festa aukera ez da atzean geratzen, alaitasuna eta dibertsioa baitira debarron izaeraren ezaugarri eta mahaiak eskaintzen dituen plazerren bila bazabiltz, ez galdu Debako esperientzia gastronomikoak.

Deban zer bisitatu, zer egin edota herriko baliabideak kontsultatu nahi izanez gero, zatoz turismo bulegora eta eskuratu zeure alea! Euskarri informatikoan nahiago baduzu, aldiz, egin klik hemen.

Azala: Juan Antonio Palacios