Debako Udalak ere bat egin du Euskaraldia egitasmoarekin

2018ko martxoaren 13aDebako Udalak ere bat egin du Euskaraldia egitasmoarekin

Euskararen erabilera bultzatzeko sortu da ekimena, eta Ahobizi eta Belarriprest figurak izango dira protagonista Euskal Herri osoan 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean.

Euskara eta Hezkuntza batzordearen oniritziarekin eta 6.000€-ko aurrekontuarekin, Debako Udalbatzak behin betiko onartu zuen otsailaren 27ko ez-ohiko bilkuran Euskaraldia, 11 egun euskaraz egitasmoa. Euskal Herri osoan, modu bateratuan, martxan jarriko den ekimen horrek euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntzaren erabilera ohituretan eragitea du helburu, eta 2018ko azaroa eta abendua bitartean garatuko da.

Debako euskara eragileek ere (herriko ikastetxeek, guraso elkarteek, euskaltegiak, euskara elkarteak, herritar partikularrek) egitasmoarekin bat egiteko konpromisoa hartu dute.

Aktibazioak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi dugulako. Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Ahobiziak ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprestak, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoak euskaraz aritzera gonbidatzen dituztenak.

Debak dagoeneko eman du izena; 16 urtetik gorako herritarrek, aldiz, 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia, 11 egun euskaraz dinamikan izena emateko aukera. Epea 2018ko irailean zabalduko da, eta Ahobizi zein Belarriprest modura parte hartu ahal izango dute nahi dutenek.

Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan (2018ko azaroaren 23tik abenduaren3ra) Ahobizi edo Belarriprest identifikazio ikurra erabiliko dute parte hartzaile guztiek.