Debako Udalak "Gozatuz" aisialdi berria aurkeztu du 2016/2017 ikasturterako

2016ko irailaren 6aDebako Udalak "Gozatuz" aisialdi berria aurkeztu du 2016/2017 ikasturterako

Mogel eta Zubi guraso elkarteekin elkarlanean, Debako Udalak aisialdirako eskaintza berria aurkeztu du 2016/2017 ikasturterako. Euskara oinarri hartuta, kultur jarduera desberdinak proposatzen dizkigute; hala nola, antzerkia, argazkigintza, sukaldaritza, idazkuntza edota irakurle taldea. Izena emateko azken eguna irailaren 16a izango da eta matrikula orria ikastetxeko idazkaritzan, turismo bulegoan edo udal liburutegian entregatu beharko da.

Debako Udalak, Mogel eta Zubi guraso elkarteen laguntzarekin, Gozatuz aisialdi eskaintza zabala antolatu du 2016/2017 ikasturterako. LH 5, LH 6 eta DBH-ko neska-mutilei ez ezik, herriko gazte eta helduei ere jarduera hauetan parte hartzeko aukera luzatuko zaie; nahiz eta gero, adinaren araberako taldeak osatuko diren.

Proposatzen den aisialdia gozagarria da, kultur jarduera desberdinak eskaintzen dira; euskara oinarri hartuta, emaitzari baino, prozesuan sortuko diren emozioei eta bizipenei begiratuko diena.

Jarduerak

Antzerkia: groputz espresioa, mimika, ahotsa, inprobisazio jolasak, antzerki jolasak ... Urritik maiatzaren amaierara. Astelehen edo astearteetan, 2 orduko saio bat. Prezioa: 40 € /hiruhileko. LH 5/LH 6/DBH/Gazteak/Helduak.

Argazkigintza: argia, teknika, estetika eta narrazioa. Urritik maiatzaren amaierara. Astean 2 orduko saio bat. Prezioa: 40 €/hiruhileko. LH5/LH6/DBH/Gazteak/Helduak.

Sukaldaritza: etxeko gauzekin, bazkari/afariak prestatzen ikasteko eta, tarteka, gozo gauzak, tartak, opilak ... egiteko. Urria-urtarrila / otsaila-maiatza. Astero 2 orduko saio bat. Prezioa: 30 €/hileko. LH5/LH6/DBH/Gazteak.

Idazketa sortzailea: idazteko gogoa baino idazten jartzeko aitzakia behar dutenez askok, ariketa eta jolas praktikoen bidez, idazketa fintzen eta, batez ere, beldurra kentzen saiatuko gara. Urritik abendura, astean 2 orduko saio bat (prezioa 23 €/hileko) edo urritik maiatzera, hilean 2 orduko saio bat (prezioa 23 €/hiruhileko). Guztira 8 saio. LH5/LH6/DBH/Gazteak/Helduak.

Irakurle taldea: liburu batek irakurle adina interpretazio dituenez, besteen iritziekin norbere irakurketa aberasteko aukera emango digu irakurle taldeak. Urritik maiatzera, hilean 2 orduko saio bat. Prezioa: 23 €/hiruhileko. LH5/LH6/DBH/Gazteak/Helduak

Matrikula

Aukeratutako jarduerak aurrera egiteko, ezinbestekoa izango da, gutxienez, 10 lagun ordu berean biltzea. Izena emateko azken eguna irailaren 16a izango da eta matrikula orriak ikastetxeko idazkaritzan, turismo bulegoan edo udal liburutegian entregatu beharko dira.

Garrantzitsua da baja ematekotan lehen hiruhilabetean egitea eta abenduko oporrak baino lehen jakinaraztea. Bestela, ikasturte osoa kobratuko da.

Matrikula orria desakargatzeko egin klik hemen.