Donejakue Bideak N-634 errepidea zeharkatzen duen lekuaren parean segurtasuna hobetzeko proiektua martxan da

2016ko uztailaren 11aDonejakue Bideak N-634 errepidea zeharkatzen duen lekuaren parean segurtasuna hobetzeko proiektua martxan da

Gipuzkoako Foru Aldundiak Donejakue Bideak N-634 errepidea zeharkatzen duen lekuaren parean segurtasuna hobetzeko erabakia hartu du. Obraren aurrekontua 185.225,07 €-koa izango da eta lanak burutzeko bi hilabeteko epea aurreikusten da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituren Sailak Donejakueko Bidearen zati batean segurtasuna hobetu nahi du, N-634 errepidea zeharkatzen duen lekuaren parean (36,200 p.k.), hain zuzen ere. Puntu hori Itziarko gainetik gertu gelditzen da, Donejakueko erromesen bi bide elkartzen diren toki zehatzean (Mardari auzoa Itxasperekin lotzen den horretan). Tarte horretan bide erabiltzaileez gain, bizikletari eta ibiltariak ere ibiltzen dira; hainbat interferentzia sorraraziz bat egiten duten puntuetan. Izan ere, Donejakue Bideak N-634 errepidea zeharkatzera derrigortzen ditu erromesak, 570 metro inguru harekiko pareleloan ibili eta gero, AP-8 autobidea gainditzen duen zubia zeharkatzera ere behartuz errepidearen bazterbidetik, inolako babesik gabe.

Kontuan izanda Kostaldeko Donejakue Bidea urtez urte gorakada nabarmena jasaten ari dela, proiektu hau martxan jartzeko erabakia hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Honen helburua bide-zati horretan segurtasuna hobetzea da, eta horretarako, babestutako oinezkoentzako ibilbidea eraikiko da Donejakue bideko bidaiarientzat.

Burutuko diren obrei begira, proiektu honetan Donejakueko Bidea erabiltzen duten ibiltarientzako ibilbidea definitu da eta, erromesen segurtasuna hobetzeari lehentasuna emanez, eusteko sistema ezberdinak ezarriko dira. Horrekin batera, proiektuaren tarte horretatik zirkulatzen duten ibilgailuen eta bizikletarien segurtasuna hobetzen ere ahalegindu dira; eta horretarako, abiadura moteldu da 50 km/orduko muga ezarriz, bai eta seinaleztapen horizontal eta seinale bertikal berriak ipiniz. Laburbilduz, bidea egokitzeko proiektuan barneratu diren jarduera nagusiak honako hauek dira:

  • Seinale horizontal berriak.

  • Fabrika obra eraikitzea.

  • Euste sistemak ezartzea.

  • Oinezkoentzako ibilbidea ezartzea.

  • Dagozkion seinale bertikalak ezarzea.

Lan horien kontrata bidezko exekuzioaren aurrekontua 185.225,07 €-koa izango da (%21eko BEZ barne) eta lanak egiteko gutxi gorabeherako epea bi hilabetekoa izango da. Lanak noiz hasiko diren oraindik ez badakigu ere, proiektua martxan da.