Debako Udalak formakuntza iraunkorraren alde egin du apustu turismo arloan

2016/03/24
Debako Udalak turismo alorreko langileei Anfitrionesen Cultura del Detalle proiektuaren berri eman nahi die eta formakuntza plan honen baitan antolatu diren ikastaro berrietan parte hartzera animatu nahi ditu, bai eta Eusko Jaurlaritzak sektore turistikoarentzat antolatu dituen Barnetegi teknologiko berrietan ere. Era berean, herriko establezimendu guztiei galdetegi bat bidaliko zaie sektorearen prestakuntza-beharrak identifikatu asmoz.

Turismo arloan, formakuntza iraunkorraren alde egin da urte askotan zehar Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hainbat programari esker. Debako Udalak, Debegesa garapen agentziarekin batera, hainbat ikastaro eta formakuntza programa eraman ditu aurrera eta horren adierazgarri da egun gure herriko 18 enpresek Kalitatearekin Konpromezua programaren ziurtagiria izatea. Era berean, enpresa hauetako profesional askok hartu izan dute parte Anfitriones programak eskainitako ikastarotan.

Hemendik gutxira, Anfitriones programaren eskaintza berriari ekingo diote. Bertan, hainbat gai jorratuko dituzten 20 ikastaro emango dira; profesional turistikoei bezeroen arretaren kudeaketa hobetzeko ezagutza eta teknikak irakatsiko dizkietenak. Ikastaro bakoitzak 4 orduko iraupena izango du eta apirilean zehar gauzatuko dira. Profesional bakoitzak nahi duen ikastaro guztietan eman dezake izena eta organizazio bereko hainbat langile apuntatu daitezke. Izen-ematea 666 412 521 telefonora deituz edo areacalidad@minetur.es helbide elektronikora idatziz egin daiteke. Formakuntza eskaintza ezagutu ahal izateko, egin klik Cultura del Detalle.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak SPRI eta BASQUETOUR-en bitartez “Barnetegi teknologiko” berriak antolatu ditu, bereziki, turismo alorreko mikroenpresa eta enpresa txikietako kudeatzaileei zuzenduta. Lehena apirilaren 20an ospatuko da Urnietako K10 hotelean eta bigarrena apirilaren 28an Loiolako Espiritualtasun Zentroan, Azpeitian. Iraupena egun batekoa izango da (goiz + arratsalde) gehienez ere 15 pertsonako talde batentzat eta kostua 20 € pertsonako. Barnetegia eta bere programa euskadinnova webgunean ezagutu daitezke. Izen-ematea web orri honen bitartez egin behar da eta onarpenerako izen-ematearen hurrenkera hartuko da kontuan.

Debako Udalaren turismo sailetik arlo honetako langile guztiak animatu nahi ditugu formakuntza programa hauetan parte hartzera. Gainera, sektorearen beharrak hobeto ezagutu eta identifikatzeko helburuarekin, Debako Udaleko turismo sailak herriko establezimendu guztietara bidali duen galdetegia erantzutera gonbidatzen zaituztegu.