El Kolmado ibiltaria Deban izango da bihar

2016ko abenduaren 19aEl Kolmado ibiltaria Deban izango da bihar

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen Kultura Bonuaren berri emateaz arduratuko den kamioi bat da, herriz herri premia biziko gaiak saltzen ibiltzen ziren horietakoa bezalakoa. Bihar Debara iritsiko da eta Foruen plazan egongo da arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara bitartean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, kulturaren kontsumoa sustatzeko, sektore kulturala indartzeko eta kultur produktuek gipuzkoarren erosketa-saskian pisu handiagoa izan dezaten laguntzeko, eraldaketa sozialari eta kulturaren demokratizazioari lagunduko diolakoan, 2016ko Kultura Bonua jarri du martxan.

Egun jasaten duen zergapetzeak behar lukeena baino eskuraezinago bilakatu du kultura, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak joera hori frenatu eta kontsumoa sustatu nahi du. Hori da Kultura Bonuen benetako helburua: gainbilketa herritarrei itzultzea, sektoreari laguntzea eta kohesio soziala bultzatzea, bonuak lurralde osoan banatuz.

Premisa horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi nahi du abenduaren 3tik aurrera eskuratu daitezkeela kultura bonuak, ohiko saltokietan, eta horretarako komunikazio ekintza hau garatuko du:

El Kolmado irekiko da Donostian. El Kolmado denda bat da, eta bertan premia biziko ondasuntzat hartzen da kultura. Hala delako. El Kolmadon produktu guztiek dute “barruan” kultura: abestien letrak, literatur kapituluak, partiturak edo zine gidoiak.

Eta bere helburua izango da Kultura Bonuen atzean dagoen filosofia transmititzea, informazio gune gisa, ez saltoki gisa.

Baina lurralde osora iritsi ahal izateko, El Kolmado ibiltaria ere sortu da: kamioi bat izango da, herriz herri premia biziko gaiak saltzen ibiltzen ziren horietakoa bezalakoa.

Deban, abenduaren 20an, asteartea, izango da kamioia, arratsaldeko 4etatik 8etara, Foruen plazan.

Kolmado ibiltari hori Gipuzkoa osoan zehar ibiliko da, bere kultur eskaintza "berezia" herri guztietara eramanez. Horrela, Kultura Bonuaren eta bere helburuaren berri emango die gipuzkoar guztiei.