Elias Olalde Urquiri zendu da

2016ko urtarrilaren 31aElias Olalde Urquiri zendu da

Elías Olalde Urquiri, debar ezaguna eta alkate ohia, 16 urtez izan zen Debako udalbatzako kidea. 1983an, independente gisa, EAJko zerrendetan aurkeztu zen udal hauteskundeetara. 1983 eta 1987 bitartean Debako Udaleko zinegotzi eta Hirigintza Batzordeko lehendakaria izan zen Iñaki Elosua Elu alkate zela. 1987an, EAko zerrendaburu aurkeztu eta Debako alkate hautatua izan zen. 1999ko uztailera arte egon zen alkate karguan.

Bere kudeaketan zehar eta beharbada gaur egun bizi dugun garai honetan, nabarmenena bere lana, zintzotasuna eta irmotasuna izan ziren arren, herriaren bilakaerako biziki garrantzitsuak izan diren lorpenak ere azpimarratu behar dira: Casa Campo eskuratu, Agirre Jauregia erosi, zumardiko gazteen elkarteko lokalak musu-truk eskuratu, ur-hornikuntza eta saneamendu osoa, araztegia, kuarteleko etxebizitza babestuak, zumardiko urbanizazioa, kaleen urbanizazio eta oinezkoentzat egitea, trenbideko tunel berria, Mutrikuko zubi berria, kirol ditxoa, 16 urterarteko hezkuntza herrian jartzeko eskola plana eta ifar kaleko eskola eraiketa, Deba Musikal eta Ostolaza Udal Liburutegiko patronatuak eratu eta abian jarri, Debako Elizaren birgaitze osoa, trenbideko zonaren berreskuratzea. Bere agintaldietan, landa-eremuan baserritarren bizi-kalitatea nabarmen hobetu zuten egitasmo garrantzitsuak gauzatu ziren, besteak beste 1986an, hirigintza batzordeko buru zela Itziarko pilotalekua inauguratu zen, landa-bideak, landa-elektrifikazioa, ur-horniketa, telefonia, nekazal-turismoa eta Lastur-eko elizaren birgaitzea. Azken finean herri osoarekin erakutsitako konpromisoa jarraibide ederra da guztiontzat.

 Hileta ospakizuna, otsailaren 1ean Debako Santa Maria elizan, arratsaldeko 17:00etan izango da.