ELIZBURUKO ETXEBIZITZA TASATUEN ERAIKUNTZA PROZESUA HASI DA

2015ko abenduaren 5aELIZBURUKO ETXEBIZITZA TASATUEN ERAIKUNTZA PROZESUA HASI DA

Pasa den urriaren 29an, Debako Udalak “Elizburu”ko Plan Partzialaren aldaketa puntuala onartu zuen Osoko Bilkuran. Aldaketa honek 34 etxebizitzaren eraikuntza baimenduko du eta horietatik 33 babes publikokoak izango dira udal-prezio tasatuekin. 34.ena birkokatzeko eskubideari loturik dago. Etxebizitza guztiak notario aurrean egingo den zozketa publiko baten bitartez esleituko dira datorren abenduaren 12an udal-kiroldegian.

Aldaketa honek hainbat hilabeteko atzerapena ekarri duen arren, eraiki beharreko etxebizitza kopura handitu du; izan ere, hasierako antolamenduan 30 etxebizitza aurreikusten ziren.

Etxebizitza blokea eraikiko den lursaila udalarena da, Elizburuko errepartzelazio proiektuaren ondorioz Lurraren Udal-ondare barruan sartua. Lursail hau Proteisa 2002 S.L. enpresa eraikitzaileari saldu zitzaion lehiaketa publiko bidez 1.200.000€ + BEZa prezioan, etxebizitzak udalaren aurreproiektuaren arabera gauzatu eta udalak izendatuko dituen pertsonei eta ezarritako prezioan saltzeko baldintzapean.

Blokeak lau solairu izango ditu, atikoa, goiatikoa eta garaje zein trastelekuak erdisotoan. Logela bakarreko sei etxebizitza, bi logelako hamar eta hiru logelako hemezortzi proiektatu dira, guztiak trasteleku eta garajearekin. Logela bakarreko etxebizitzen prezioa (BEZik gabe) 111.827-137.512 € artekoa da, 120.961-157.848 € artekoa, berriz, bi logelakoena eta 159.328-208.104 € artean dago hiru logelako etxebizitzen zenbatekoa.

Etxebizitzak jabetza erregimenean salduko dira, baina babes publikoko etxebizitzen erregimenaren menpe jarraituko dute betirako. Ohiko bizileku beharko dute izan eta ezingo dira alokairuan laga. Eraikuntza behin betiko bukatuta egon beharko da gehienez hemezortzi hilabeteko epean eraikitzeko baimena ematen denetik kontatzen hasita.