Euskal Kostaldeko Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin zuen atzo, Deban

2017ko maiatzaren 20aEuskal Kostaldeko Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin zuen atzo, Deban

Atzo, ostiralez, Euskal Kostaldeko Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin zuen Deban. Bileran Geoparkearen plan estrategikoaren berri eman zitzaien batzordekideei eta batzordearen beraren garrantzia azpimarratu zen.

Europako Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekitaldiei hasiera ematearekin batera, atzo, ostiralez, Debako Agirre Jauregian, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin zuen.

Bileran Geoparkearen plan estrategikoaren berri eman zitzaien batzordekideei eta batzordearen beraren garrantzia azpimarratu zen. Batzorde Zientifikoa funtsezko bitartekoa da Geoparkeari eduki sendoa eta balio erantsia emateko, baita interpretazio-diskurtso osoa eta erakargarria sortzeko ere.

Debako alkateak, Pedro Bengoetxeak, eman zien ongi etorria kideei. Bileran Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak ere hartu zuen parte.

Geoparkearen Batzorde Zientifikoa jakintza-arlo desberdinetan diharduten mundu osoko 29 adituk osatzen dute, Stanley Finney geologo entzutetsua buru dutela. Finney, Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea da eta IUGSeko Idazkari Nagusia (International Union of Geological Sciences / Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna).

Hain zuzen ere, herenegun, hilak 18, Markel Olano diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak harrera egin zioten, Donostian, Stanley Finneyri. Ekitaldian izan ziren, baita ere, Pedro Bengoetxea Debako alkatea, Oier Korta Zumaiako alkatea, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea, Geoparkeko gerente Leire Barriuso, eta Geoparkeko zuzendari zientifikoa, Asier Hilario. Ondoren izandako bileran, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen balio geologiko, natural eta kultural nagusiak ikerkuntza bultzatuz zaintzea eta zientziaren arloan mundu mailako erreferente izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Aldundiak eta Geoparkeak.