Euskararen astea Deban, azaroaren 30etik abenduaren 3ra

2017/11/28
Abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Eguna, eta Debako Udalak herriko hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean askotariko ekintzak antolatu ditu.

Euskararen Eguna dela eta, Debako Udalak, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean, ekintzaz beteriko lau eguneko egitaraua aurkeztu du. Bertan ikus daitekeenez, ostegunetik hasi eta igandera bitartean, jite desberdinetako jarduerak aurreikusi dituzte; hala nola, mahaingurua, antzerki emanaldia, filmak, euskaraokea... Baina horien artean, bi nabarmendu nahi dituzte:

  1. Euskararen eguna dela eta, tenperatura hartu nahi diote Deban euskarari. Horretarako kale neurketak egingo dira larunbat arratsaldean eta igande eguerdian, taberna eta denda inguruetan, futbol zelai eta frontoietan... Ea kalean jasoko dituzten elkarrizketen erdiak euskaraz egiteko gai garen. Lagunduko diezu erronka gainditzen? Baietz 50!!!
  2. Euskararen Egunean, abenduak 3, eguerdiko 12:00etan, EUSKARALDIAren aurkezpena egingo dute; datorren urtean, Topagunearen eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Euskal Herri osorako proposatuko den egitasmoarena, hain zuzen ere. Herritar guztiei, eta euskaltzaleei bereziki, bideratutako ekitaldia. Zu bertan izatea gustatuko litzaiguke.

 Gozatu EUSKARA AHOAN