EZ DOK AMAIRU SENTIKARIA IRUNEN

2015ko azaroaren 20aEZ DOK AMAIRU SENTIKARIA IRUNEN

Debako herritarrek EZ DOK AMAIRUren inguruan ondutako sentikaria Irunen izango da datorren larunbatean, azaroaren 28an. Irungo Udalak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldietako bat da eta Amaia Kultur Zentroan burutuko da iluntzeko 8etan.

Iturri ondoan egitasmoaren barruan antolatutako kultur jarduera arrakastatsuenetako bat izan da Debako hainbat herritarrek EZ DOK AMAIRUren inguruan ondutako sentikaria. Aurten bete dira 50 urte taldea sortu zenetik. Honela, taldeak berak eta euskal kantagintza berriak, oro har, euskara eta euskal kulturaren kontzientzia hartzean izan zuen eragina gogoratu nahian, eta orduko olatu hura birsortzen joateko urratsak eman nahian, sentikaria taularatu zuten irailaren bukaeran Debako herritarrek (kantuak, musika, dantza, olerkiak ...) ikuskizun hunkigarri bat eskainiz.

Ekitaldi hau berriz ikusteko aukera izango dugu datorren larunbatean, azaroaren 28an, Irungo Amaia Kultur Zentroan iluntzeko 8etan. Bertako Udalak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldietako bat baita EZ DOK AMAIRU sentikariarena.

Adin eta inguru desberdinetako 22 partaidek osatutako debarren taldeak EZ DOK AMAIRUko kantari eta olerkari batzuen lanak jendarteratuko ditu berriro ere: Julen Lekuona, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Mikel Laboaren kantuez gain, Joxean Artze eta Jose Angel Irigarairen olerkiak. Dantzak ere izango dira tartean.

 

Oharra: Irunera hurbildu nahi dutenek autobusa izango dute.  Sarrera + autobusa 7€, tikeak Turismo Buelgoan edo Sasoikon daude salgai, azken eguna azaroaren 26a.. Irteera 18etan Zumardiko haur parkearen ondotik, itzulera emanaldia amaitzean.