"Ez, ez, ez Debako zentral nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia" liburuaren aurkezpena

2016ko azaroaren 28a"Ez, ez, ez Debako zentral nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia" liburuaren aurkezpena

Asteazkenean aurkeztuko da "Ez, ez, ez Debako zentral nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia" liburua Agirre jauregiko ispiluen gelan. Debako Udalak, Elkar argitaletxearekin batera antolatu ohi duen IX. Tene Mujika Bekari (2014) esker ikusi du argia lan honek. Aurkezpena arratsaldeko 7etan izango da eta bertan egongo dira, besteak beste, liburuaren egileak: Jose Mari Izaga, Pako Salegi eta Carmelo Urdangarin.

2014. urtean egin zen IX. Tene Mujika Beka lehiaketako irabazlearen liburua argitaratu berri du Elkar argitaletxeak. Urte hartako irabazleak Jose Mari Izaga, Pako Salegi eta Carmelo Urdangarin debarrak izan ziren, Ez, ez, ez Debako zentral nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia liburuaren egileak, hain zuzen ere.

Tene Mujika bekak Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaldu eta gure literatura aberasteko helburua du. Liburu honek Deban 70eko hamarkadan zentral nuklearra ezartzeko egin zuten saiakera eta haren kontrako mugimendu herritarraren inguruan dihardu.

208 orrialdeko liburu hau 2016ko azaroaren 22an argitaratu zuen Elkar argitaletxeak eta etzi, hilak 30, Debako Agirre jauregiko ispiluen gelan aurkeztuko da arratsaldeko 7etan. Bertan izango dira lanaren egileak: Jose Mari Izaga, Pako Salegi eta Carmelo Urdangarin. Era berean, Elkarrek antolaturiko prentsaurrekoa abenduaren 15ean izango da Donostian goizeko 11etan.

Sinopsia

1973ko udazkenean jakin zen Iberduero SA enpresak Debako udalerrian zentral nuklear bat jartzeko asmoa zuela. Kostaldean jarri nahi zuen. Eskaera horrek harridura eragin zuen hasieran herritarren artean. Eta ondoren, berriz, egonezina. Herritarrak berehala antolatu ziren, proiektuaren ezaugarrien eta ondorioen berri izateko. Gero, zentrala eraikitzearen aurka egin zuten. Herri osoa bildu zuen mugimenduak, eta inguruko eskualdeetara ere hedatu zen. Informazioa jaso eta hedatu izanari esker, eta beste dibulgazio jarduera batzuei esker, enpresak atzera egitea lortu zuten.
1970eko hamarkadan zentral nuklearrak jartzeko programa sendoa zabaldu zen Espainian zehar. Oposizio mugimenduen artean, aitzindaria izan zen Debako herria, batik bat kokalekuaren ikuspegitik. Ordurako beste azpiegitura batzuk egiten ari ziren, tartean Lemoizkoa. Bi urte inguru zeramatzaten lanek, eta ez zegoen oposizio esanguratsurik. Geroago sortu ziren aurreikusitako zentralen eta elektrizitatea sortzeko energia nuklearra erabiltzearen aurkako oposizio mugimenduak. Bide bat baino gehiago hartu zituzten mugimendu horiek. Gertaera haiek Debako herritarren gogoan geratu dira; izan ere, bizi baldintzen defentsan erantzun garrantzitsua eman zutelakoan daude. 40 urte baino gehiago igaro dira ordutik. Egileok mugimendu hura bildu, deskribatu, aztertu eta transmititu nahi izan dugu, etorkizunerako. Izan ere, informazioa hedatuz eta parte hartzeko bide baketsuak erabiliz, enpresa garrantzitsu bati eta Estatuko Administrazioari aurre egin zion mugimenduak, eta helburua lortu zuen. Gertaera haien aktore zuzenak edo oso gertukoak izan ginen, eta ikusi edo bizi genituen moduan deskribatu nahi izan ditugu, gauzak gertatu ziren moduan gera daitezen jasota.

 

Izenburua: Ez, ez, ez Debako zentral nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia (IX. Tene Mujika Beka)

Egileak: Jose Mari Izaga, Pako Salegi eta Carmelo Urdangarin

Argitaletxea: Elkar, 2016 - Lekukoak bilduma

ISBN: 978-84-9027-596-2