FederArte Debarock Festibala abuztuaren 11n egingo da Deban

2018/08/02
Atzo Debako turismo bulegoan aurkeztu zuten FederArte Debarock Festibala. Gipuzkoako Surf Federazioak Udalari proposatutako ekimena da, eta aurrera eramateko beharrezkoa izan da eragile askoren lankidetza eta laguntza. Festibal honekin surfa kirol bezala sustatzea eta Deba Gipuzkoa eta Euskadi mailan gehiago ezagutaraztea bilatzen da, eta udaletik herritar guztioi animatzen zaituztegu egun horretarako antolatu diren ekintza guztietan parte hartu eta egun alaia pasatzera.

FederArte Euskal Surf Kultura zirkuitua Pro Zarautz probarekin hasi zen; Donostian, Gipuzkoako Txapelketa egin zen ondoren; eta orain, abuztuaren 11n, Deban ospatuko da festibala. 

Gipuzkoako Surf Federezioak duela bi urte lehiaketen formatua berritu zuen, eta ordutik surf txapelketak surfa eta surf kulturaren eszenatoki paregabe bilakatu dira. Helburua, onura ekonomikorik gabekoa, harremanak estutu, surflarien komunitatea indartu eta surfaren kultura Euskal Herriko kulturan kokatzea izan da. Horretarako, ardatz garrantzitsuak landu dituzte, gainera: berdintasuna, ingurunearen zainketa eta kirol inklusiboa; beti ere, Euskal Herriko Kirol Egokituaren Federazioen laguntzarekin.

Surf Kultura zabaltze lanetan ere hainbat lankidetza akordio sinatu dira: EHSFrekin proiektua lurralde osora zabaldu da, Kutxa Kultur Fundazioarekin Tabakalerako aretoan ekintza desberdinak egin dira, eta Katapulta Tour Gipuzkoarekin, Diputazioarekin, Kutxa Kultur eta Jazzaldiarekin, besteak beste.

Debako turismo bulegoan emandako prentsaurrekoan Aitor Salegi, Debako Udaleko kirol zinegotzia, eta Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakariaz gain, Unai Uribeondo Yako Surf eskolako arduraduna, Pablo Berrizbeitia eta Iñaki Saenz Deba Rockeko eta Zurrunbilo ur kirol elkarteko ordezkariak ere egon ziren.

Maialen Saezek, 5 festibal hauek antolatzeko urte osoan lanean aritu direla azaldu zuen. Eta,  Debako ekitaldiari buruz, berezienetarikoa izan dela adierazi zuen. Deba aspalditik dagoela surfari lotuta eta kultura mailan, oso herri aberatsa dela ere esan zuen. Gainera, azpimarratu zuen hilabete gutxi Udalak 2018ko olatu handiko txapelketa egiteko baimena eta esfortzu guztiak jarri zituela. Bukatzeko, Zurrunbilo Surf Taldeak erakutsi duen laguntzeko borondate eta ilusioa aipatu zituen, eta nola ez, Yako Surf Eskolak egindako lana eskertu zuen, kirola bizimodua bihurtu duelako, eta herri honetako Stand Up Paddle froga berak ekarri baitzuen Gipuzkoa eta Euskal Herriko Surf Federaziora.

FederArte Debarock Festibaleko prentsa oharra irakurtzeko klikatu hemen eta abuztuaren 11ko egitaraua ezagutzeko klikatu FederARte Debarock Festibala.