Geoparkeak bisita gidatu programa berrituari ekin dio, bere balio natural eta kultural itzela ezagutzera emateko

2017ko martxoaren 14aGeoparkeak bisita gidatu programa berrituari ekin dio, bere balio natural eta kultural itzela ezagutzera emateko

Bisita gidatu denboraldi berriaren aurkezpena Explore San Sebastian Region bulegoan egin da; bertan izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Kutura eta Turismo diputatua, Denis Itxaso, Turismo zuzendaria, Maite Cruzado, eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako alkateak.

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea, eta Gipuzkoan zein Euskadin ekoturismoaren erreferentzia bilakatu da. 2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da eta, ordutik, urtez urte, lehen mailako geoturismo eta natura turismo-helmuga berritzaile gisa sendotzea lortu du. Halaber, 2015ean, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kultural oparoak errekonozimendu garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.

Geoparkeak, bere ondare geologiko, natural eta kultural aparta ezagutzera emateko asmoz, eta, aldi berean, balio horien guztien kontserbazioa sustatu nahian, hilabete honetan bertan eman dio hasiera bisita gidatu denboraldi berrituari. Aurkezpena gaur egin da Donostian, Explore San Sebastian Region bulegoan. Ekitaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kutura eta Turismo diputatua, Denis Itxaso, izan du buru. Alboan izan ditu Aldundiko Turismo zuzendaria, Maite Cruzado, eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako alkateak: Pedro Bengoetxea, Debako alkatea, Jose Angel Lizardi, Mutrikuko alkatea, eta Oier Korta, Zumaiako alkatea. Haiekin batera egon dira, baita ere, Explore San Sebastian Region bulegoko zuzendaria, Cristina Iturriagagoitia, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduraduna, Leire Barriuso, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo teknikariek lagunduta.

Aurtengo eskaintza turistikoari dagokionean, Geoparkeak bertako balio natural, kultural eta geologikoa deskubritzeko eta gozatzeko esperientzia aukera zabala eta anitza proposatzen du; Geoparkeko flyscharen itsaslabar ikusgarriak uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, familiartean egiteko proposamen dibertigarriak, bisita kulturalak eta ibilbide gastronomikoak, eta bestelako planen bila dabiltzanentzat kutsu zientifikoago bat duten esperientzia bereziak.

Berritasun modura, aurten Geoparkeak turismo-eskaintza handitu egin du, eta 1.170 irteera programatu ditu urte osorako, abendura bitarte. Aipatzekoa da Aste Santuan hasi eta azarora bitarte egunero eskainiko direla bisita gidatuak. Gainera, esperientzia berriak estreinatu dira, horien artean: "Flyscha, begirada batean”, itsasontzi-ibilaldia, Lurraren liburu harrigarria uretatik ezagutzeko, edota Santa Maria eliza ikusgarria miresteko bisita gidatua, “Gotikoaren altxorra, Deban”. Halaber, "Mutriku marinela" deritzon ibilaldia berriro sartu da programaren barruan, Mutrikuko hirigune historikoa, gure kostaldean ondoen mantentzen denetako bat, deskubritu nahi dutenentzat. Bisita gidatuen katalogo berria eskuragarri dago Geoparkeko hiru turismo bulegoetan eta Explore San Sebastian Region bulegoan.

Asebetetze maila altua

2016an, 22.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten Geoparkeak eskainitako bisita gidatuetan, aurreko urtearekin alderatuz %44 gehiago. Bestalde, Geoparkea euren kontura bisitatzen duten bidaiarien kopurua ere gorantz doa; honela, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoek 75.000 lagun baino gehiago jaso zituzten iaz.

Nabarmentzekoa da 2016an Geoparkea ezagutzera hurbildu ziren eta bisita gidatuetan parte hartu zuten lagunek adierazitako asebetetze maila altua, 10etik 8,5eko balorazioa emanez. Balorazio hoberena jaso duten alderdien artean daude, geoparkea.com webgunearen bitartez erreserba online egiteko erraztasuna eta erosotasuna, eta Geoparkeko giden aldetik jasotako informazioa eta kalitatea.

Webgune berritua

Denboraldi berriari ekitearekin batera, Geoparkearen webgunea –geoparkea.com- eguneratu eta itxuraldatu egin da. Batetik, beharrezko hobekuntzak egin dira erreserben barne-kudeaketa arintzeko eta errazteko, eta, horrenbestez, bisitariari zerbitzu hobea eskaintzeko. 2016an, 63.000 erabiltzaile izan zituen Geoparkearen webguneak.

Era berean, diseinu aldetik ere hobekuntzak egin dira, bisitariaren esperientzia errazagoa eta positiboagoa izan dadin webgunearekiko. Erreserba-prozesua intuitiboagoa eta errazagoa da orain eta erabiltzaile eta bisitariek eskuragarriago dute informazioa. Webgunea euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez dago.