Gorputz mugimendutik norbere barnera eta mundura dantza tailerra

2017ko urtarrilaren 25aGorputz mugimendutik norbere barnera eta mundura dantza tailerra

Debako Udaleko berdintasun sailak Dantza Mugimendu Terapian oinarritzen den beste tailer bat antolatu du datorren asterako. Oraingo honetan, Debako emakume guztiei zuzenduriko dantza eta gorputz espresiorako gune bat izango da. Tailerra datorren larunbatean, otsailaren 4an, egingo da Agirre jauregiko dantza gelan 10:30etik 13:30era.

Dantza Mugimendu Terapian oinarritutako bigarren tailerra antolatu du Debako Udaleko berdintasun sailak. Debako  emakumeei dantza eta gorputz espresiorako gune bat eskaintzean datza, bakoitzaren gorputz eta mugimenduan murgilduz eta aldi berean taldeko esperientzia bizitzeko aukera emanez.

Dantza Mugimendu Terapian oinarritzen den tailer honek integraziorako esperientzia bat bilatzen du, sentsazio fisikoekiko kontaktu progresibo bat, ahaztutako gorputzaren eta gogamenaren arteko konexioa, mugimendu eta emozioaren artekoa, norbere bizitzaren ardura hartzeko tresna, bizitzako arlo ezberdinetan autonomia garatzeko, gorputzera barneratuz eta gorputzetik pasaz. Espazio bat eskaintzen da non mugimendu eta dantzaren bitartez norberaren limite eta gaitasunen kontzientzia hartzea bultzatzen den, hau ahalduntze prozesuan lehen pausua izanik.

Gorputz mugimendutik norbere barnera eta mundura izeneko tailerra datorren larunbatean (otsailak 4) egingo da Agirre jauregiko dantza gelan. Saioa hiru ordukoa izango da: 10:30etik 13:30era eta dantza mugimendu terapeuta, aldiz, Uxue Pascual Esnaola. Interesatuta egonez gero, jar zaitez harremanetan berdintasun sailarekin 605 748 579 telefono zenbakira deituz edo berdintasuna@deba.eus  helbidera mezu bat bidaliz.