Gozatuz aisialdi jardueretarako matrikulazio-epea zabalik irailaren 15era arte

2017ko irailaren 6aGozatuz aisialdi jardueretarako matrikulazio-epea zabalik irailaren 15era arte

Debako Udalak, Mogel eta Zubi guraso elkarteekin elkarlanean, datorren ikasturterako aisialdi eskaintza aurkeztu du. Euskara oinarri hartuta, hainbat kultur jarduera proposatzen dira; hala nola, antzerkia, argazkigintza, sukaldaritza, bertsolaritza eta idazketa sortzailea. Matrikula orriak ikastetxeko idazkaritzan, turismo bulegoan edota udal liburutegian entregatu beharko dira irailaren 15a baino lehen.

Mogel eta Zubi guraso elkarteen laguntzarekin, Udalak Gozatuz aisialdi eskaintza zabala antolatu du 2017/2018 ikasturterako. LH 5, LH 6 eta DBHko neska-mutilei ez ezik, herriko gazte eta helduei ere jarduera hauetan parte hartzeko aukera emango zaie; haiei ere esperientzia berriekin gozatzeko aukera eman nahi zaielako.

Proposatzen den aisialdia gozagarria da, kultur jarduera desberdinak eskaintzen dira; euskara oinarri hartuta, emaitzari baino, prozesuan sortuko diren emozioei eta bizipenei begiratuko diena.

Jarduerak

  • Antzerkia: gorputz espresioa, mimika, ahotsa, inprobisazio jolasak, antzerki jolasak… Urritik maiatzera. Astearte edo asteazkenetan, 2 orduko saio bat. Prezioa: 40 €/hiruhileko (*8€ hiruhileko). LH 5. eta 6.mailak / DBHko ikasleak / Gazteak / Helduak.

  • Argazkigintza: argia, teknika, estetika eta narrazioa. Urritik maiatzera. Astean 2 orduko saio bat. Prezioa: 40 €/hiruhileko (*8 hiruhileko). LH 5. eta 6. mailak / DBHko ikasleak / Gazteak / Helduak.

  • Sukaldaritza: etxeko gauzekin, bazkari/afariak prestatzen ikasteko eta, tarteka, gozo gauzak, tartak, opilak … egiteko. Urria-urtarrila / otsaila-maiatza. Astero, 2 orduko saio bat. Prezioa: 30 €/hileko (*6€ hileko). LH 5. eta 6. mailak /DBHko ikasleak / Gazteak.

  • Bertsolaritza: 5. eta 6. mailan gustora ibili bazara, hemen aukera paregabea bertsoarekin gozatzen jarraitzeko. Ostiraletan 2 orduko saio bat. Prezioa: 40€/hiruhileko (*8€/hiruhileko). DBHko ikasleentzat bereziki (baina eskaeraren arabera moldatzekoa).

  • Idazketa sortzailea: ariketa eta jolas praktikoen bidez, idazketa fintzen eta, batez ere, idazteari beldurra kentzen saiatuko gara. Urritik abendura, larunbatetan, 2 orduko saio bat. Prezioa 23 €/hileko (*14€/ikastaro osoa).

*Hurrengo prestazioak jasotzen dituztenek %20 ordainduko dute:

-Diru sarrerak bermatzeko errenta, D.B.E.

-Diru sarrerak bermatzeko laguntza, D.B.L.

-Gizarte larrialdietarako lagutnza, G.L.L.

Matrikula

Ikastaro hauetan izena emateko, matrikula orria bete eta ikastetxeko idazkaritzan, turismo bulegoan edo udal liburutegian entregatu beharko da irailaren 15a baino lehen. Taldeak adinaren arabera antolatuko dira eta, aurrera egiteko, ezinbestekoa izango da, gutxienez, 10 lagun ordu berean biltzea.

Garrantzitsua da baja ematekotan lehen hiruhilabetean egitea eta abenduko oporrak baino lehen jakinaraztea. Bestela, ikasturte osoa kobratuko da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943 608 048 telefonora.