Hainbat hobekuntza egin ditu Debako Udalak kiroldegian

2024ko apirilaren 24aHainbat hobekuntza egin ditu Debako Udalak kiroldegian

Egindako inbertsioen artean, tenis-pista berritu, spinning-aretoa hobetu eta kardio-aretoa handitu ditu, kirol-jardueren segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko. Horrekin batera, jasangarritasun eta efizientzia energetikoaren aldeko hainbat esku-hartze ere egin ditu Udalak, hala nola LED argiak jartzea, koadro elektrikoa aldatzea edota suteen aurkako instalazioa berritzea.

Debako Udalak hainbat berrikuntza egin ditu herriko kiroldegian, bertako instalazio zein azpiegiturak hobetzeko eta erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko.

Debako kiroldegia 1989an inauguratu zen eta 2015etik ez da berrikuntza garrantzitsurik egin bertako instalazioetan. Gainera, segurtasunari eta iraunkortasunari dagokienez, beharrezkoa da horiek egungo arauetara egokitzea, eta instalazioak etengabe hobetzea, erabiltzaileek modu seguruan eta erosoan erabil ditzaten.


Horri helduta eta jarduera fisikoa egiteko erosotasuna eta segurtasuna bermatzea ardatz hartuta, hainbat hobekuntza egin ditu Debako Udalak kiroldegian, horien artean nabarmenenak, tenis pistan belar artifiziala jartzea, kardio-aretoa handitzea, spinning aretoa berritzea eta saskibaloi kantxan bozgorailu-ekipo bat jartzea.

Horrez gain, egungo argiteria LED argiengatik ordezkatzen ari da kiroldegi guztian, koadro elektriko berri bat ere jarri du eta suteen aurkako instalazioa berritu, uraren eroanbidea hobetu eta tenis-pistaren babes-hesiak konpondu ditu, guztiak, segurtasunaren, jasangarritasunaren eta efizientzia energetikoaren mesedetan.


Hobekuntza horiek guztiak azken hilabeteetan egiten ari da, eta uda baino lehen amaitzea aurreikusten du.


Guztira, 121.784 euro bideratu ditu Udalak lan horietara, horietatik % 40 Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta, kiroldegiko erabiltzaileen beharrei erantzuteko eta kirol-instalazioak egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko, betiere herritarrei kalitatezko zerbitzua eta azpiegiturak eskaintzen jarraitzeko konpromisoarekin.