Haitz-haundi elkarte artistikoaren margolanak Estalitako Pasealekuan ikusgai

2017ko apirilaren 12aHaitz-haundi elkarte artistikoaren margolanak Estalitako Pasealekuan ikusgai

Estalitako Pasealekuan daude ikusgai Haitz-haundi elkarte artistikoak prestatu dituen azken margolanak. Mikel Laboa, Maialen Lujanbio, Frida Kahlo eta Xabier Leteren erretratuek osatzen duten erakusketa bat da. 25. urteurrena ospatzeko Debako herriari egindako oparia da eta apirilaren 22an inauguratuko dute.

Haitz-haundi elkarte artistikoak 25 urte bete berri ditu eta urtemuga hori ospatzeko helburuarekin, hainbat margolan prestatu ditu. Lanak Estalitako Pasealekuan daude ikusgai; izan ere, Debako herriari egiten dioten opari bat da, elkarteko kideek azaldu digutenaren arabera.

Lau pertsonaia ezagun aukeratu eta beren erretratuak margotu dituzte elkartearen XXV. urteurrenean; Mikel Laboa, Maialen Lujanbio eta Xabier Lete euskal kulturarekin lotura estua dutenak, batetik; eta Frida Kahlo margolari mexikarra, bestetik. Bi gizonezko eta bi emakume. Erretratu bakoitzari pertsonaiari berari loturiko testu bat jarri diote ondoan. Laboaren kasuan Txoria Txori abestia; Lujanbiorentzat 2009an Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zueneko azken agurra; Frida Kahlok bere senarrari idatzitako eskutitza eta Xabier Leteri Xalbadorren heriotzean abestiaren letra.

Estalitako Pasealekuan erakusgai dauden lan hauek hainbat margolarik margotu dituzte elkarlanean. “Talde lana izan da, 22 margolari inguru aritu baikara J.I. Treku maisuaren zuzendaritzapean”, azaldu digute elkartekideek.

XXV. urteurrena

Aipatu bezala, 25 urte dira Haitz-haundi elkarte artistikoa sortu zela eta urte hauetan guztietan zehar lan izugarria egin du Deban. Egun 50 bazkide ditu eta 9-16 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat zein nagusientzako margo-ikastaroak eskaintzen ditu herrian. Ikasturte bukaeran, klasean egindako lanekin erakusketa prestatu ohi dute Agirre jauregian. Gabonetan ere erakutsi izan dizkigute egindako lanak udaletxeko Pleno Aretoan. Elkarte honen misioa pintura ez ezik, kultura eta artea orokorrean ere sustatzea da.

Haitz-haundik askotariko ekimenak antolatu ohi ditu urtean zehar. Alde batetik, Debarren egunaren baitan egiten den haur margo lehiaketa prestatzeaz arduratzen da, guraso elkartearen laguntzarekin. Bestetik, iraileko bigarren larunbatean kaleko margo lehiaketaren antolaketan laguntzen die Debako Udala eta Cardenas fundazioari.

Estalitako Pasealekuan ezarri dituzten margolanak ez dira elkarteak herriari egiten dion lehen ekarpena. Horren adibide dugu iaz hondartzan margotutako mural handia. Gainera, herriko talde eta eragile askorentzat margotu izan dituzte muralak; hala nola, Aitzuri abesbatzarentzat, Debako Musika Bandarentzat, Korrikarentzat, euskararen egunerako …

Haitz-haundik bere 25. urteurrena hilaren 22an ospatuko du. Eguerdiko 12:00etan bazkideak eta euren gonbidatuak Kultur Elkarteko areto nagusian elkartuko dira eta urte hauetako ibilbidearen aurkezpen txiki baten ondoren, Estalitako Pasealekura hurbilduko dira bertako erakusketa inauguratzera.

Debako Udaletik eskerrak eman nahi dizkiogu elkarteari urte hauetan guztietan herriarentzat egindako lan eta ekarpen guztiengatik eta bide beretik lanean jarraitzera animatzen ditugu beste hainbeste urtetan. Zorionak!!