Herribideen inbentarioa jendeaurrean maiatzaren 9a arte

2016ko martxoaren 21aHerribideen inbentarioa jendeaurrean maiatzaren 9a arte

Urtarrilaren 28an, Debako Udalak udalerriko dominio publikodun landabideen inbentarioa behin-behinean onartu zuen. Txostena Sendo enpresak egin du eta erakusketa publikoa egingo da hiru hilabetez, hau da maiatzaren 9a arte.

Urtarrilaren 28an, Debako Udalbatzak udalerriko landa-bideen inbentarioa onartu zuen eta otsailaren 9an erakusketa publikoa zabaldu eta hiru hilabeteko epea dago  dokumentua aztertu eta behar diren alegazio edo eta kontsultak egiteko. Inbentario honetan bigarren mailako bideak jaso dira eta 2013an onartu zen asfaltatutako bideen inbentarioarekin batera Debako bideen sarea osatuko du.

Landa bideen titularitatea eta erabilera interes bereziko gaia da, hainbat ikuspegi biltzen du, batzuetan kontrajarriak: baserri eta nekazaritza ustiakuntzetara joateko bideena, baso ustiakuntzetara joatekoa,  hiritarrak naturara, medira hurbiltzeko bideena (mendizaletasuna, mendi-ibiliak), zenbait kirol (mountanbike, motokross…) praktikan jartzekoena eta gure historia eta lurraldea interpretatzeko ondasun historikoaren elementu garrantzitsuak diren bideena.

Ikuspegi hauek guztiak zilegi, baina desberdinak, eta batzutan kontrajarriak, diren interesei erantzuten diete. Horrek arazoak sortzen ditu hainbat gauza dela eta: igarotzeko eskubideak, mantenu eta kalteen konopnketak, itxiturak, bidegabeko jabetza…Inbentario honen helburua horixe da: aspalditik konpondu gabeko gatazkak eta ezadostasunak argitzeko tresna. Froga argigarrien bitartez, inbentarioa lagungarria izateko eta ikuspegi zabalagoak eskainiz datu hauen aportazio berriari esker.

Bide guztiak plano batean irudikatu dira, eta bakoitzeko fitxa bat landu da, bertan bidearen izena, luzera eta ezaugarriak jaso ez ezik bakoitzaren izaera publikoa justifikatzen duen informazioa ere sartuta dago.  Ikerketa fasea egin ostean, prozesu administratiboa bideratzeko fasea hasi berri da eta prozesu honetan sortu daitezkeen alegazio eta kontsultak erantzun ondoren, udalbatzak behin betiko dokumentua onartuko du.

Prozedura administratiboa honakoa izango da:

  • Behin-behineko onespena Plenoan
  • Jendeaurreko epea zabaldu.
  •  Jendeaurreko epea amaituta, alegazioen aurkezpena eta aztertzea
  • Behin-betiko onespena
  • Ordenantzak hala badagokio