Indar Unanuek irabazi zuen Sorginetxe Big Wave Erronka

2018ko urtarrilaren 19aIndar Unanuek irabazi zuen Sorginetxe Big Wave Erronka

Surfista zarauztarra nagusitu zen Euskal Herriko olatu erraldoien txapelketan. Haren atzetik sailkatu ziren Aritz Aranburu, Ibon Amatriain, Kosme Fernandez, Ander Mendiguren eta Iker Amatriain.

Euskal Herriko olatu erraldoien txapelketa jokatu zen atzo Deban, eta Indar Unanue zarauztarra izan zen garaile. Bere klasifikazio errondan lehen postuan gelditu ondoren, finalean ezin hobeto aritu zen Aritz Aranburu, Ibon Amatriain, Kosme Fernandez, Ander Mendiguren eta Iker Amatriainen aurretik, hurrenez hurren.

Modalitate honetako txapelketekin gertatu ohi den bezala, atzokoak ere ez zuen ez datarik ezta ordu zehatzik ere. Eta antolakuntzak martxora arteko itxarote epea aurreikusten zuen arren, atzokoak baldintza perfektuak ziren formatu honetako lehiaketa baterako: 5 metroko olatu-serieak eta haizearen norabide egokia.

18 euskal surflari aritu ziren lehian, sei surflariko hiru txandatan banatuta. Erronda bakoitzeko onena finalerako sailkatu zen zuzenean, eta bigarren eta hirugarren postuetan gelditu zirenek bigarren aukera bat izan zuten. Bigarren txandako hiru onenak ere finalera pasa ziren.

Epaimahaiak mundu mailako zirkuitoan erabili ohi dituzten puntuazio sistema eta irizpideak hartu zituen aintzat. Surfisten bi olatu onenak hartu ziren kontuan eta bi horietatik onenak bikoitza balio izan zuen.

EHSF eta Yako Debako Surf Eskolak, Debako Udalaren babesarekin, antolatutako txapelketa honek diziplina honetako euskal surflarien garapena bilatzea zuen helburu; baita modalitate honetako sailkapen bat burutzea ere.