Itxaspe Kanpinak eskuratu du Gipuzkoako Turismo Berrikuntza Saria 2017

2017ko urriaren 2aItxaspe Kanpinak eskuratu du Gipuzkoako Turismo Berrikuntza Saria 2017

Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo eta Kultura diputatuaren eskutik jaso zuten errekonozimendua Itxaspe Kanpineko arduradunek.

Itxaspe Kanpinak 2017ko Turismo Berrikuntza Saria jaso zuen joan den ostiralean, irailak 29, Araeta Sagardotegian egindako Gipuzkoako Turismoaren jaian, non sektoreko profesionalak zein administrazio desberdinetako ordezkariak bildu  ziren.

Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo eta Kultura diputatuak Itxaspe Kanpineko arduradunei eskura eman zien Turismo Berrikuntza Saria, kalitatezko zerbitzuak eta arreta eskaintzen dituen familia-negozio honen ibilbidea aitortzeko xedez.

Turismo Berrikuntza Sarietarako Itxaspe Kanpinaren hautagaitza Debegesako Turismo sailak aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundian. Debabarrena Turismok Itxaspe Kanpinarekin elkarlanean landu zuen hautagaitza-txostena.

"Itxaspe Kanpinari emandako sariak aitortu nahi du familia negozio horrek 30 urtez egindako etengabeko lana. Bi belaunaldiz osatutako familia, soberan erakutsi dituena berrikuntzarako gaitasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa, besteak beste", goraipatu zuen Denis Itxasok. Turismo Diputatuak azpimarratu zuen "berrikuntza Itxasperen ibilbidean zehar presente egon den faktore bat" izan dela. "Berrikuntza teknologia eta iraunkortasun esparruetan, baita ekipamenduen diseinuan eta enpresa arte kooperazioan zein tokiko garapenean ere- Horren erakusle garbia da Euskal Kostaldeko Geoparkea".

29 urteko ibilbidea

Itxaspe Kanpinak 1988. urtean ireki zituen ateak. Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkean dago kokatuta eta paraje ederrez dago inguratua, eta itsasora zein flyscheko labarretara bista ezin hobeak eskaintzen ditu. Hortaz, inguru natural paregabea du; gainera, kalitatezko zerbitzuak eskaintzen ditu, hala nola, ezgaituentzat moldatutako igerilekua, kirol anitzeko pista, haurrentzako jolasgunea, komunak, bungalowak... Bungalow Natura instalazio berriak Estatuko iparraldean aitzindari, lurretik hainbat metrora daude igota; hala, ez dute ingurumenean inolako inpaktu kaltegarririk. Gama altuko bungalowak dira, familiarrak eta eko-arduratsuak. Bungalow berri horien instalazioarekin, Itxasperen helburua da familia turismoa sustatzea eta turista fluxua desestazionalizatzea -bezero gehienak nazioarte mailakoak dira, Holanda, Erresuma Batua, Danimarka edota Frantziatik etorriak-.

Itxaspe kanpina familia negozioa da. Jon Aguirreazaldegui eta Ana Luisa Zubizarreta senar-emazteak eta euren semeak, Egoitz eta Gorka, dira kanpineko arduradunak. Berrikuntzarekiko konpromisoa eta naturarekiko errespetua dira beren enpresa-filosofiaren oinarri.

Itxaspe Kanpina Debabarrena Turismoko kolaboratzaile da hasieratik eta kalitate turistikoa bermatzeko hainbat programetan parte hartzen jarraitzen du. Kalitatearen Aldeko Konpromiso Turistikoaren ziurtagiria du eta Interneteko kanpin eta ostatu bilatzaile desberdinetan jasotako iritzietan erreparatuz gero, Euskadi mailan kalifikazio onena duen kanpina da.