Jon Alonsok irabazi du Tene Mujika Saria, “Naparra” kasuaz idazteko proiektu batekin

2017/01/16
Jon Alonso idazle iruñearrak irabazi du aurtengo Tene Mujika beka, Jose Migel Etxeberria “Naparra”ren kasua aztertzeko egitasmo batekin.

Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Alonsorena eman du irabazletzat Alberto Barandiaran, Idurre Eskisabel eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du itzultzaileak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

“Errelatoaren borroka” gain-gainean dugula eta hori saihesterik ez daukagula dio Alonsok bere proiektuaren aurkezpenean, ondoren bere asmoa adierazteko: bere belaunaldiak gatazkaren gorabeherak nola bizi izan dituen kontatzea, zintzoki eta autokritikari ihes egin gabe, eta horretarako Jose Migel Etxeberria “Naparra” desagertuaren kasua izango du kontaketaren ardatza. Izan ere, Alonso eta Etxeberria ikaskideak izan ziren Iruñeko josulagunen ikastetxean. Gero, bien bideak bereizi ziren, eta Naparra desagertu zenean, Alonsok aitortzen du ez ziola gertaera latzari merezi adinako garrantzirik eman. Orain, familiaren inplikazio eta laguntzarekin berrekin nahi du Jose Migel Etxeberria Alvarezen historia, eta ahal bada, ikerbidean den gorpuaren aurkikuntza ere kontatu.

Jon Alonso Fourcade

Jon Alonso Fourcade Iruñean sortu zen 1958an. Korrok aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen 80ko hamarkadan. Kimikan lizentziatua da eta ogibidez itzultzailea. Saramago eta Cortazar euskaratu ditu, eta liburu ugari argitaratu, bai nobelak, bai saiakerak.