Kalean da Debarren Egunerako egitaraua

2018/05/15
Dena prest dugu herrian igande honetarako! Maiatzaren 20an Debarren Eguna ospatuko dugu, baina asteburu osoan zehar nabarituko da jai giroa Debako kaleetan zehar; ostiraletik igandera bitarte, hiru eguneko egitarau zabala antolatu baitu Udalak.

Debarren Eguneko egitaraua ostiral honetan abiatuko da, eta igandera arte luzatuko. Ekintza ugari izango ditugu asteburu osoan zehar, eta herritarrok kalera irtengo gara jardunaldi hauez gozatzera. Musika, zezenak, sokatira, erraldoiak eta dantzak izango dira, besteak beste, adin guztietako debarrentzako eta bisitarientzako.

Musikak emango dio hasiera egitarauari. Hasteko, Kalean Kantuz arituko da kaleak musikaz girotuz. Debako Musika Bandak eta Banda gazteak kontzertua eskainiko digute Elizako klaustroan eguna amaitzeko.

Larunbatean, berriz, XXVI. Haur Margo Lehiaketa ospatuko da goizean zehar. Debako gaiteroek girotuko dituzte kaleak eguerdian eta arratsaldean Euskadiko Sokatira txapelketaren finala egingo da Kalbeton zumardian. Horren ondoren, umeentzat entzierroa egingo da gurditxodun zezenekin.

Hala eta guztiz ere, Debarren Egunak igandean izango du bere jardunaldi handia. Diana, entzierroa, meza nagusia San Roke ermitan, erraldoien konpartsen desfilea eta alardea, eta Gure Kai dantza taldearen aurreskua izango ditugu, besteren artean.

Egitarau osoa ikusteko egin klik hemen.