Kattalin Minerrek irabazi du Tene Mujika Saria

2018/01/22
Transexualitateari buruzko lanarekin irabazi du Kattalin Minerrek Tene Mujika Saria. Debako Udalak Elkar argitaletxearekin elkarlanean antolatu duen XII. edizioa da aurtengoa, Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez fikziozko proiektuak saritzen dituena.

Kattalin Miner hernaniarrak irabazi du XII. Tene Mujika Beka, duela hamar urte bere burua hil zuen gazte transexual baten historia eta kasuak izandako ondorioak aztertzeko egitasmo batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatu ohi duten beka honek.

Aurten aurkeztutako proiektuen artean, Kattalin Minerrena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du kazetari hernaniarrak lana osatzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

2007an, bere buruaz beste egin zuen Amaia-Aimar Elosegi hernaniar transexualak eta, hamar urteren buruan, haren lagun Minerrek zenbait galdera egin nahi ditu: nor zen Amaia-Aimar? Zer utzi nahi izan zuen ondorengoentzat? Nola oroitzen da, oroitzen bada, gertakari hura? Nola aldatu da, aldatu bada, transexualekiko ikuspegia hamar urte hauetan? Zein leku eman diogu gure memoria intimo eta kolektiboan gertakari hari? Memoriaz, suizidioaz eta transexualitateaz gogoeta egin nahi du kazetari hernaniarrak, besteak beste, bere oroitzapena eta hainbat jenderen lekukotasuna baliatuz.

Kattalin Miner Hernanin sortu zen, 1988an. Kazetaritzan lizentziatua da, eta masterrak ditu literatura konparatuan eta berdintasun alorrean. Mugimendu feministako militantea da, eta eleberri bat kaleratu zuen 2017an: ‘Nola heldu naiz ni honaino’ (Igartza Saria irabazitakoa).

Argazkia: Kulturklik