Kultur jardueretarako laguntza deialdia zabaldu du Debako Udalak

2024ko apirilaren 23aKultur jardueretarako laguntza deialdia zabaldu du Debako Udalak

Laguntza horien bitartez, Deban kultur jarduerak sustatzen dituzten eta udalerria kulturalki aberasten laguntzen duten proiektu zein ekimenak babestuko dira. Dirulaguntzak eskatzeko epea maiatzaren 19ra bitarte egongo da zabalik eta interesa duten pertsona, erakunde eta elkarteek Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez edo Herritarren Arreta Zerbitzuan egin dezakete eskaera.

Debako Udalak kultur jardueretara bideratutako laguntza deialdia zabaldu du. Laguntza lerro honen bitartez, diruz lagunduko dira Deban kultur jarduerak sustatzen dituzten eta udalerria kulturalki aberasten laguntzen duten proiektu, programa zein ekimenak.

Izan ere, kulturak garrantzia handia du udalerri baten bizitzan, kulturak berak bizitza ematen baitio herriari. Horregatik, Debako Udalak, herriko bizitza kulturala bultzatzearen aldeko apustu eta konpromiso irmoan, dirulaguntza deialdi hau zabaldu du, beste urte batez, Deban kultur jarduerak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarte, talde edota eragile zein pertsona fisikoei zuzendua. Dirulaguntza honetatik kanpo dago, beraz, Itziarko Toki Erakunde Txikia.

Finantzatuko diren proiektu edota ekimenei dagokienez, dirulaguntza lerro honen bitartez, ondorengo kultur-arloak babestuko dira: arte eszenikoak eta dantza, musika eta kontzertuak edota aurreko bi kultur arloetan sartzen ez diren bestelako jarduerak. Azpimarratzekoa da garatzen diren proiektu guztiek euskararen erabilera eta genero berdintasuna bermatu behar dituztela eta udalerrian garatzen diren proiektuak baino ez direla finantzatuko. Guztira 20.000€ bideratu ditu Debako Udalak deialdi honetara.

Eskaera epea

Eskaerak maiatzaren 19ra bitarte egin ahal izango dira Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez, aurrez aurre. Eskaera aurkezteko baldintzen artean, ezinbestekoa izango da Deban erroldatuta egotea eta zerga egoitza eta helbide soziala Deban izatea. Edozein kasutan, deialdiaren inguruko informazioa eta xehetasunak udal webgunean kontsulta daitezke.

Deialdi honen bidez, tokiko kulturaren aldeko babesa eta komunitatea aberasteko eta debar guztientzako kultur jarduerak sustatzeko konpromisoa berresten du Debako Udalak.