Kultur programaziorako plan berria

2017ko martxoaren 13aKultur programaziorako plan berria

Debako Udala eta Kultur Elkartea elkarlanean aritu dira kultur programazio berri bat egiteko. Ekitaldiak hilean behin egingo dira eta aurrez Debako kultur gidan eta Udalaren eta Kultur Elkartearen webguneetan argitaratuko dira.

Debako Udala, Kultur Elkartearekin batera, kultur programazio berri bat egiteko lanean aritu da. Honen xedea kultur arloan dauden behar eta gabeziak betetzea izango da; udaberri, udazken eta neguko hilabeteetan, batik bat. Programak askotariko kultur elkitaldiak barneratuko ditu, hala nola, zinea, magia, musika, mikroantzerkiak, hitzaldiak, dokumentalak eta bestelako ikuskizunak.

Horretarako, Kultur Elkarteak areto nagusiko ikus-entzunezko ekipoa berrituko du eta Udalak ekitaldi kultural hauek kontratatzeko diru-ekarpena egingo du.

Proiektu honi ostiral honetan, martxoaren 17an, emango diogu hasiera eta publikoaren harreraren arabera, jardueren maiztasuna areagotu daiteke. Hasiera batean, kultur-ekitaldiak hilean behin egingo dira eta aurrez Debako kultur gidan eta Udalaren (www.deba.eus) eta Kultur Elkartearen (www.ostolaza.org) webguneetan argitaratuko dira.

Sarrera doakoa izango da ekitaldi gehienetarako, baina gerta liteke jarduera batzuetarako sarrera ordaindu behar izatea. Proiektu hau Debako herritar guztientzat interesgarria izatea espero da.

Kultur programazio berriaren lehen ekitaldiak

Proiektu berri honen baitan antolaturiko lehen jarduera ostiral honetan, martxoak 17, izango da Kultur Elkartean. Gaueko 22:00etan Ioseba Usabiaga eta Iñaki Santosek Ni ala zu antzerki musikatua eskainiko digute.

Hurrengo ekitaldia apirilaren 7an izango da toki eta ordu berean. Maribel Salas eta Iñigo Salineroren eskutik, Monolokos monologoaz gozatzeko aukera izango dugu.

Maiatzaren 12an, berriz, Aitor Fernandino eta Getari Etxegarairen txanda izango da eta hauek Erbeste edo sahiets baten aldarrikapenak antzezlana aurkeztuko digute.

Halaber, Debako Udalak udaberriko kultur gida (martxoa-ekaina 2017) argitaratu berri du datozen hilabeteetarako jardueraz beteta. Bertan topatuko duzue Deban egingo diren ekintza kultural guztien inguruko informazio osoa; baita aipatutako hiru hauena ere.