Mural / grafiti sariketarako finalistak aukeratzeko bozketa herrikoia

2017ko ekainaren 22aMural / grafiti sariketarako finalistak aukeratzeko bozketa herrikoia

Debako Udalak antolatutako I. mural / grafiti sariketako finalistak hautatzeko ordua iritsi da. Herritarrok izango dugu azken hitza. Asteburu osoan zehar aurrez aurreko bozka emateko aukera Agirre jauregiko erakusketa gelan eta ekainaren 30era bitarte Udalaren web orriaren bitartez.

Pasa den astean amaitu zen I. mural / grafiti sariketan izena emateko epea. Udalak herrian arte garaikidea sustatzeko helburuarekin estreinakoz antolatutako lehiaketa da hau, honela Debako espazio publikoen itxura hobetu eta kultur jarduerei bide emateko.

Sariketaren lehen fasean 16 urtetik gorako interesatuek izena emateko aukera izan dute eta guztira 9 lan aurkeztu dira. Inskripzio epea bukatuta, epaimahaiak horietatik 7 hautatu ditu kalitate artistikoa, originaltasuna eta onarrietan bildutako betebeharrekiko egokitzapenak irizpide gisa hartuta. Jose Luis Aperribai, Potxo Onaindia, Jose Felix Igartua, Miren Esnal, Ane Egidazu eta Alex Turrillas epaimahaikideek herritarron esku utzi dute azken erabakia. Hortaz, uztailaren 16an egingo den jendaurreko ekitaldian lan egingo duten lau finalistak herritarron bozketa baten bitartez aukeratuko dira.

Epaimahaiak aukeratu dituen lanak bihartik aurrera izango dira ikusgai www.deba.eus webgunean eta Agirre jauregiko erakusketa gelan. Izan ere, bozka emateko bi aukera egongo dira; batetik, aurrez aurre bozkatu ahal izango da 2017ko ekainaren 23, 24 eta 25ean eta bestetik, online ekainaren 23tik 30era bitartean.

Aurrez aurreko bozketak honako ordutegia izango du: ostiral eta larunbatean arratsaldez (18:00-20:00) eta igandean, aldiz, goizez (12:00-14:00). Interesatuek Agirre jauregiko erakusketa gelara jo beharko dute asteburuan zehar.

Bestalde, bihartik aurrera eta datorren ostiralera (ekainaren 30era) bitarte astebete izango dute herritarrek Udalaren web orriaren bitartez bozkatzeko.