Mural, grafiti, urbanart, streetart … modalitateak lantzen dituzten artistak lanean ikusteko aukera igande honetan

2017ko uztailaren 14aMural, grafiti, urbanart, streetart …  modalitateak lantzen dituzten artistak lanean ikusteko aukera igande honetan

Debako I. mural/grafiti lehiaketako lau finalistek herriko hainbat txokotan gauzatuko dituzte euren muralak igande honetan, uztailaren 16an. Maraca, Eneko, Willy eta Sortwo lanean ikusteko aukera izango dugu egun osoan zehar. Euren lanak Estalitako Pasealekuan egongo dira astelehenetik aurrera.

Iritsi da mural/grafiti lehiaketako lau finalistak lanean ikusteko ordua. Uztailaren 16an, igandean, Debako hainbat txokotan arte modalitate berritzaileez gozatzeko aukera izango dugu debarrok. Herrian mota honetako lehiaketa bat egiten den lehen aldia izan da hau eta deialdia argitaratu zenetik ekainaren 16ra bitarte 9 lan dira parte hartzeko helburuarekin aurkeztu direnak.

Epaimahaiak egindako lehen aukeraketaren ondoren, 7 besterik ez dira pasa bigarren fasera eta bozketa herrikoiaren emaitzek lau finalista utzi dizkigute: Maraca, Eneko, Willy eta Sortwo. Azken hauek aurkeztu zituzten proposamenak Udalak euren esku jarriko dituzten 3,60x2,40 metro inguruko muraletan gauzatu beharko dituzte igandean, uztailaren 16an.

Jendaurreko ekitaldia goizeko 9etatik arratsaldeko 7etara izango da eta finalista bakoitzak herriko txoko bat izango du gordeta bere lana exekutatu ahal izateko. Bata, Zumardiko kioskoan arituko da lanean eta gainontzeko hirurak hiribilduan zehar sakabanatuta; Plaza Zaharrean, Gurutze ermitaren atzekaldean eta Simon Berasaluce plazan, hain zuzen ere.

Sariketa honen helburu nagusietako bat herrian arte garaikidea sustatzea izanik, egun batez mural, grafiti, urbanart edota streetart bezalako modalitate artistikoak ezagutzeko aukera paregabea izango dugu debarrok, bai eta herrira hurbiltzen diren bisitari guztiek ere.

Behin parte-hartzaileek euren lana amaitutakoan, epaimahaiak zuzen exekutatu eta amaitu duela ziurtatuko du eta astelehenean Estalitako Pasealekuan ezarriko dira Debako “arte galeria berria” pixkanaka osatzen joateko.