Naiara Zubimendi eta M. Antonia Manzano, "Deba 100 hitzetan" III. literatur lehiaketako irabazleak

2017ko urtarrilaren 23aNaiara Zubimendi eta M. Antonia Manzano, "Deba 100 hitzetan" III. literatur lehiaketako irabazleak

“Deba 100 hitzetan” literatur lehiaketak baditu dagoeneko irabazleak: Naiara Zubimendi zumaiarra eta M. Antonia Manzano madrildarra. Debako Udalak eta Cardenas Fundazioak 1.400 € banatuko dituzte guztira. Sari banaketa urtarrilaren 26an izango da, arratsaldeko 7etan Agirre jauregiko ispiluen gelan.

Debako Udaleko Kultura sailak Deba 100 hitzetan III. literatur lehiaketako sarituen izenak ezagutzera eman ditu. Izenak berak dioen bezalaxe, lehiaketa honetara aurkezten diren lanek ezin dute Deba 100 hitz baino gehiagotan deskribatu. Aurtengoan gai konkretu baten inguruan idatzi behar izan dute parte hartzaileek; izan ere, entregatu beharreko lanek Debako Santa Katalinarekin izan behar zuten zerikusia. Guztira 57 lan aurkeztu ziren pasa den urrirako, 21 euskaraz eta beste 36 gazteleraz.

Horietatik lau izan dira sarituak, bi euskara modalitatekoak eta beste bi gaztelerakoak. Debako Udalak eta Cardenas Fundazioak guztira 1.400 € banatuko dituzte, 500 euro modalitate bakoitzeko lehen sarituarentzat; 200 euro, aldiz, bigarrenarentzat.

Euskarazko modalitatean, Estibaliz Beltran de Heredia, Amaia Zinkunegi eta Eider Zulaikak osatu dute epaimahaia. Gaztelerakoan, aldiz, Jesus Mari Etxezarreta, Patxi Aizpitarte eta Alex Turrillas izan dira epaimahaikideak. Bi epaimahaiek honako erabakia hartu dute:

Sarituak

Euskaraz:

  • Lehen saritua, 500 €: Talaia. Naiara Zubimendi Zubillaga (Zumaia)

  • Bigarren saritua, 200 €: Marta Ortiz Mateo (Madril)

Gazteleraz:

  • Lehen saritua, 500 €: Quemando una ramita. M. Antonia Manzano Presa (Madril)

  • Bigarren saritua, 200 €: Un día inolvidable. Maddi Echeverria Crucelegui (Donostia-San Sebastian)

Lehiaketako irabazleak jakinaren gainean badaude ere, sari banaketa urtarrilaren 26an egingo da, arratsaldeko 7etan Agirre jauregiko ispiluen gelan. Aurkeztu diren lan guztiak Debako Udalaren eta Cardenas Fundazioaren eskuetan geldituko dira, baita hauen erreprodukzio eta hedapen eskubideak ere.