Ostiralean izango da "Deba 100 hitzetan" literatur lehiaketako sari banaketa, ispiluen gelan

2018ko otsailaren 13aOstiralean izango da "Deba 100 hitzetan" literatur lehiaketako sari banaketa, ispiluen gelan

"Deba 100 hitzetan" literatur lehiaketaren laugarren edizio honetako irabazleak ostiralean ezagutuko ditugu, ispiluen gelan egingo den sari banaketan. Guztira, 1.400 € banatuko dituzte Debako Udalak eta Cardenas Fundazioak.

Datorren ostiralean ezagutuko ditugu Deba 100 hitzetan IV. literatur lehiaketako sarituen izenak, Debako Udaleko Kultura sailaren eskutik. Izenak berak dioen bezalaxe, lehiaketa honetara aurkezten diren lanek ezin dute Deba 100 hitz baino gehiagotan deskribatu. Aurtengoan ere gai konkretu baten inguruan idatzi behar izan dute parte hartzaileek; izan ere, entregatu beharreko lanek Deba eta Mutriku arteko zubiarekin izan behar zuten zerikusia. Guztira 58 lan aurkeztu ziren pasa den urrirako, 19 euskaraz eta beste 39 gazteleraz.

Horietatik lau izan dira sarituak, bi euskara modalitatekoak eta beste bi gaztelerakoak. Guztira 1.400€ banatuko dituzte Debako Udalak eta Cardenas Fundazioak, 500 euro modalitate bakoitzeko lehen sarituarentzat; 200 euro, aldiz, bigarrenarentzat.

Euskarazko modalitatean, Jokin Lasa, Estibaliz Beltran de Heredia eta Eider Zulaikak osatu dute epaimahaia. Gaztelerakoan, aldiz, Jesus Mari Etxezarreta, Patxi Aizpitarte eta Alex Turrillas izan dira epaimahaikideak.

Lehiaketako irabazleak jakinaren gainean badaude ere, sari banaketa otsailaren 16an egingo da, arratsaldeko 7etan, Agirre jauregiko ispiluen gelan. Aurkeztu diren lan guztiak Debako Udalaren eta Cardenas Fundazioaren eskuetan geldituko dira, baita hauen erreprodukzio eta hedapen eskubideak ere.