SALEGI JATETXEA ETA TXIRLATXO TABERNA, GEOPARKEKO ‘FLYSCH & KARST’ PINTXO LEHIAKETAN GARAILE

2013ko abenduaren 4aSALEGI JATETXEA ETA TXIRLATXO TABERNA, GEOPARKEKO ‘FLYSCH & KARST’ PINTXO LEHIAKETAN GARAILE

Flysch kategorian, Itziarko Salegi jatetxea izan da irabazlea; eta Karst kategorian, berriz, Mutrikuko Txirlatxo taberna. Epaimahaiak, Andres Conde (Basque Culinary Center), Pantxo Bedialauneta (Cantabrico Taberna) eta Josu Muguerzak osatua (Belaustegi Jatetxea), 50 pintxoen kalitatea eta orijinaltasuna azpimarratu du. Asteburuan 1.000 lagun baino gehiagok hartu du parte pintxo onenen aukeraketan eta Geoparkeak saria zozkatu du horien guztien artean. Irabazlea Gotzone Martija izan da. Aurrerantzean Flysch eta Karst pintxoak establezimendu parte-hartzaileetan eskainiko dira eta Geoparkeak deskontu-txartelak jarriko ditu herritarren eskura.

 Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako “Flysch & Karst” Pintxo Lehiaketak baditu irabazleak:

 - FLYSCH PINTXOA: Txangurru eta muskuiluz beteriko patata. SALEGI JATETXEA, Itziar (Deba). Saria jaso zuen Gotzon Altzibar sukaldariak.

 - KARST PINTXOA: Txipiroiak bere tintan eta urdaiazpikoz beteriko arrautza egosia espinaka saltsarekin arrautzaztatua. TXIRLATXO TABERNA, Mutriku. Saria jaso zuten Amaia Beitiak eta Patricia Zarrauak.

 Helburu nagusi bat izan du ekimenak, Geoparkearen irudia zabaltzeko eta bisibilitatea emateko promoziorako elementu berriak sortzea, herritarrei zein kanpoko bisitariei begira. Gainera, lehiaketak beste helburu batzuk ere bazituen: baserritarren eta ostalarien arteko elkarlana bultzatzea, bertako produktu freskoak kalitatezko sukaldaritzarekin batzea eta Geoparkeko ostalaritza-sektorea dinamizatzea.

 Sari-banaketa ekitaldia atzo egin zen, abenduak 3, Debako Itsas Begi elkartean. Irabazleek Joseba Palenzuela Mutrikuko Alkate eta Geogarapen elkarteko presidentearen eta Maider Zubikarai Debako Alkatearen eskutik jaso zuten saria: diploma eta 300 euroko diru-saria.

 Epaimahaia Andres Conde Basque Culinary Centerreko irakasle eta sukaldariak, Pantxo Bedialauneta Cantabrico Tabernako sukaldariak (Ondarroa) eta Josu Muguerza Belaustegi Jatetxeko sukaldariak (Elgoibar) osatu zuten. Epaimahaikideek kontuan hartu zituzten irizpideak izan ziren: balio gastronomikoa, bertako produktuen erabilera, estetika, kalitatea-prezioa eta orijinaltasuna eta teknika.

 Pintxoek Geoparkeko bi elementu geologiko garrantzitsuenak irudikatu behar zituzten, Flyscha eta Karsta. Baita lortu ere. Epaimahaiak lehiara aurkeztu diren 20 sukaldariek prestatutako mokaduen orijinaltasuna eta kalitatea goraipatu zuen.

 Edonola ere, azken erabakia hartzerako orduan kontuan hartu ziren pasa den asteburuan –azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean- herritarrek emandako boto andana. Hain zuzen, 1.000 lagun baino gehiago izan dira Mutriku, Deba eta Zumaiako tabernetan botoa eman dutenak. Bozketan parte hartu duten herritar guztien artean saria zozkatu zuen Geoparkeak: bi lagunentzako bisita gidatua eta GeoGourmet otar bat. Sariduna Gotzone Martija mutrikuarra izan da (Txalaparta tabernan eman zuen botoa).

 Aurrerantzean, Flysch pintxoa eta Karst pintxoa 20 establezimendu parte-hartzaileetan eskainiko dira. Pintxoen gehienezko salmenta-prezioa 2 eurokoa izango da.

 Deskontu-txartelak pintxoak dastatzeko

Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan ostalaritza bultzatu eta kontsumoa sustatzeko, Euskal Kostaldeko Geoparkeak deskontu-txartelak jarriko ditu herritarren eskura.

 6,60 euroren truke eskuratu ahal izango dira eta txartel bakoitzarekin herritarrek 6 pintxo dastatzeko aukera izango dute Zumaia, Deba eta Mutrikuko establezimendu parte-hartzaileetan, 3 eguneko epearen barruan. Deskontu-txartelak 3 herrietarako balio dute eta pintxo irabazleez gainera, eskaintzen diren gainerako pintxoak kontsumitzeko erabili ahal izango dira.

 Deskontu-txartelak ostiralean, abenduak 6, jarriko dira salgai Mutriku, Deba eta Zumaiako turismo bulegoetan. Deskontu-txartelarekin batera herritarrek 20 establezimendu parte-hartzaileen mapa jasoko dute, hiru herrietako taberna eta jatetxeen kokapenarekin.