San Roke jaiak ate joka

2018/08/03
Gaur eguerdian, hilak 3, 2018ko San Roke jaien egitaraua aurkeztu da udaletxeko pleno aretoan. Bertan egon dira Pedro Bengoetxea alkatea, Iñigo Cambronero festa zinegotzia eta Raimundo Amutxastegi kultur teknikaria. Festak abuztuaren 14an hasi eta 19an bukatuko dira aurten, eta egitaraua turismo bulegoan dago salgai.

2018ko San Roke jaien egitaraua gaur aurkeztu da udaletxeko pleno aretoan. Urtero bezalaxe, abuztuaren 14an emango diegu hasiera festei, txupinazoarekin; eta hilaren 19an amaituko dira aurten. Guztira, sei eguneko egitarau zabala antolatu digu herriko Jai Batzordeak.

Gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira Raimundo Amutxastegi -Udaleko kultur teknikaria-, Pedro Bengoetxea -alkatea- eta festetako zinegotzia, Iñigo Cambronero. Azken honek, Jai Batzordeak urtero festak antolatzeko egiten duen esfortzua nabarmendu nahi izan du. "Herriko elkarte eta kolektibo ezberdinak hainbatetan bildu gara; eta azkenean, guztion ideia eta iniziatibei esker 90 ekitalditik gorako sei eguneko egitarau zabala antolatzea lortu dugu. Ilusio handiz, adin eta gustu guztietarako ekimenak antolatzeko ahalegina egin dugu", adierazi du zinegotziak.

Aurtengo jaietan aldaketak izango ditugu; izan ere, abuztuaren 14tik 19ra, sei eguneko irapuena izango dute. Batetik,  umeen eguna hilaren 18an ospatuko da, eta egun osoko programazioa prestatu da etxeko txikienei zuzenduta. Bestetik, artisau feria eta zezenen desenkajonamendua abuztuaren 15era pasatu dira. Aipatu azken ekitaldi hau iaz egin zen lehenengo aldiz zezen-plazan; eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere izango dugu zezenen etorrera ikusteko parada. Duela bi urte arte, desenkajonamendua Osioko ukuiluetan egiten zen. Baina bertan urtero-urtero gehitzen zihoan ikuslegoarentzat behar adina leku ez zegoenez, ekitaldia plazara ekartzea erabaki zen.

Bestalde, azpimarratzekoa da plaza zaharra urtez urte indarra hartzen ari dela; horrela, festetako ekitaldiak antolatzeko beste gune bat sendotzen ari gara.

Alkateak eraso matxista, arrazista edo ideologikoetatik libre egongo diren festak aldarrikatu ditu, denok seguru sentitzeko festen alde egin nahi du; eta laburbilduz, festetan ere, ezetzak, ezetz izaten segitzen duela argi utzi du gaurko aurkezpenean. Gainera, Debako talde feministarekin batera, Udalak Jaietan ere, gureak kaleak, egunak eta gauak izeneko kanpaina jarri du martxan.

Primeran pasa eta gozatu festak! Gora San Roke! Gora Deba!