Tripontziak ekimen gastronomikoaren laugarren edizioa, azaroaren 10etik 26ra Debabarrenean

2017/11/06
Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren 7 establezimenduk menu landuak eskainiko dituzte prezio berezian.

Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko establezimenduek laugarren urtez jarraian “Tripontziak” ekimen gastronomikoa abian ipiniko dute. Ekimen honen helburua da bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada bat ematea eta Debabarreneko establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea.

“Tripontziak” ekimenari ostiralean emango zaio hasiera, azaroak 10ean, eta 17 egunez luzatuko da, azaroaren 26ra bitarte. Honela, 3 asteburu hartuko ditu aurten ekimenak, hartara herritar eta bisitari gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten.

Ekimenarekin bat egin duten establezimenduak honako hauek dira: Elgoibarko Belaustegi Jatetxea, Itziarko Kanala Jatetxea, Debako Urgain eta Calbeton Jatetxeak, Lasturko Taberna, Eibarko Azitain Erretegia eta Ermuko Mendiola Jatetxea. Hauek guztiek garaian garaiko eta bertako produktuekin proposamen gastronomiko iradokitzaile eta ezberdinak landuko dituzte prezio berezian: Tripontziak Menuak 25 eurotan.

Ekimenera atxikitu diren 7 jatetxeek Tripontziak Menu ezberdinak eskainiko dituzte bertako produktuetan oinarrituz. Honela, bertako nekazari eta produktoreen lehengaiekin prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo da. Produktu horien artean, inguruko baserritarren barazkiak, geure kostaldeko arrain freskoa edota Mendaroko txokolatea, besteak beste. Menuak 25 euroko prezioa dute; edaria, kafea eta BEZa barne.

Establezimendu parte-hartzaile bakoitzaren eskaintza debabarrenaturismo.com/gastronomia webgunean kontsulta daitezke.

Sari gastronomikoak jokoan

Aldi berean, azaroaren 10etik 26ra bitartean, Debegesak lehiaketak jarriko ditu abian sare sozialetan Debabarrena Turismoren profilen bitartez, Twitterren, Instagramen eta Facebooken, herritarren parte-hartzea sustatu eta saritzeko helburuarekin.

Twitterren eta Instagramen, erabiltzaileek argazkiak partekatu beharko dituzte euren “Tripontziak” unea erakutsiz, txioan #Tripontziak etiketa erabiliz eta jatetxearen izena aipatuz. Zenbat eta argazki gehiago bidali, saria eskuratzeko orduan eta aukera gehiago.

Facebooken, aldiz, nahikoa izango da Debabarrena Turismoren orrialdera sartu –facebook.com/DebabarrenaTurismo–, sakatu “Atsegin dut” botoia, eta partekatu zure #Tripontziak uneko argazkiak, lehiaketako jarraibideak betez.

Halere, sare sozialen erabiltzaile ez direnek ere izango dute aukera sari gastronomikoak eskuratzeko. Horretarako, Tripontziak Menua dastatu duten jatetxean Tripontziak zozketako kupoia eskatu beharko dute, harremanetarako euren datuekin bete eta establezimenduan bertan entregatu.

Parte-hartzaile guztien artean honako sari hauek zozkatuko dira: Tripontziak egonaldi bat (ostatu-gau bat eta gosaria, bi pertsonarentzat, Debabarreneko nekazaritza-turismoko establezimendu xarmagarri batean, eta Tripontziak menu bat bi pertsonarentzat); Tripontziak menuak bi pertsonarentzat, eta Mendaroko Txokolate-sorta ederrak.

 Deskargatu hemen edizio honetako kartela eta eskuorria.