Udalak lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat Enplegu Plan bat jarri du martxan

2017ko otsailaren 6aUdalak lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat Enplegu Plan bat jarri du martxan

Gizarte Zerbitzuetako eta Ingurmena, zerbitzuak eta mantentze lanetako udal sailek Tokiko Enplegu Plan bat jarri dute martxan lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak babesteko helburuarekin. 5 pertsona kontratatu dira herrirako hobekuntza lanak egin ditzaten datozen lau hilabetetan.

Beste behin ere, Debako Udalak Tokiko Enplegu Plana jarri du martxan, Gizarte Zerbitzuetako eta Ingurumena, zerbitzuak eta mantentze lanetako sailen bitartez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasoko du. Pasa den otsailaren 1ean, Deban erroldatutako eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen kontratazio baldintzak betetzen dituzten 5 pertsona (2 emakume eta 3 gizonezko) hasi ziren lanean, lau hilabetetarako kontratuekin.

Denbora honetan, herriaren hobekuntzarako eta mantenurako hainbat lan garatzea aurreikusten da; adibidez: anbulategiko aldapa, Marinel-anbulategi kaleetako irisgarritasun aldapak, Tene Mujika plaza berriztatzeko lanak, kiosko aurreko harriak birjartzea, Maxpe pasabidean hainbat konponketa, Agirretxeko igoerako eskudela margotzea, estolda-zuloen garbiketa, zebrabideak margotzea, PR bideetan sastraka kentzea edota eskolak eta euskaltegia margotzeko lanak, besteak beste.

Programa hau gizarteratzeko edota lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak babestera zuzenduta dago, gure herrirako hobekuntza lanen bitartez.