Polentzi Markiegiren fusilamenduaren 80.urteurrena

2017ko urriaren 11aPolentzi Markiegiren fusilamenduaren 80.urteurrena

Debako Udalak omenaldia antolatu du Polentzi Markiegiren, bertako alkate izandakoaren, oroimenez. Urriaren 4an, arratsaldeko 7etan, Udalbatzak alkate ohiaren fusilamenduaren 80.urteurrenari buruzko adierazpen instituzionala onartuko du eta hilaren 15ean ekitaldi instituzionala izango da.

Florencio Markiegi Deban jaio zen 1898ko urtarrilaren 3an. 1937ko abuztuaren bukaeran Santoñako (Santander) El Dueson  kartzelatu zuten eta egun batzuk geroago, heriotza zigorra ezarri eta 1937ko urriaren 15ean fusilatu egin zuten Berriako hondartzan.

18 urte zituela Debako Alderdi Jeltzaleko udal batzordeko idazkari izendatu zuten. Urte batzuk beranduago, Batzokiko presidente eta Uri-Buru-Batzarreko idazkari hautatua izan zen. Debako euskal eskolaren sortzailea ere izan zen. Primo de Riveraren diktadura garaian inguruko mendigoizaleen mugimendua indartzen lagundu zuen.

Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, 1936ko uztailaren 18an, Debako alkate eta EAJko partaide nabarmena zen. Tropa frankistak Deban sartu baino egun batzuk lehenago (1936ko irailaren 23an sartu ziren), familiarekin batera ihes egin zuen Bizkaia aldera, eta han, emaztea, Maritxu Garate, eta alabak (Itziar, Nekane eta Lorea) Iparraldera itsasoratzea lortu zuen. Bera, aldiz, atxilotua izan zen eta beste euskal gudari batzuekin batera Santoñan fusilatu zuten. 39 urte besterik ez zituen. Sinesmen erlijioso eta zintzotasun handiko gizona izan zen, bere sorterriarekin eta Euskal Herriko askatasunaren aldeko borrokarekin konprometitua.

Debako Udalak omenaldia antolatu du bertako alkate izandakoaren oroimenez eta, bide batez, Gerra Zibilak izandako eragina erakutsi nahi die belaunaldi gazteei. Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu ditu, bere ideiak eta demokrazia duintasunez babesteagatik bizia eman zuen pertsona hura ezagutzeko balio izango dutenak. Ekitaldien artean Udalbatzak ez-ohiko bilera egingo du eta bertan Polentzi Markiegiren fusilamenduaren 80.urteurrenari buruzko adierazpen instituzionala onartuko dute.

Egitaraua ikusteko klikatu hemen.